Larunbat honetan ospatuko da Mundualdia

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 22a, 08:27

Iaz ez zen Mundualdirik izan, Covid-19a tarteko, ez baitzegoen baldintzarik bere ohiko formatuan egiteko. Aurten egin egingo da, martxoaren 27an larunbatarekin, baina ezohiko formatuan.

 

Martxoaren 27rako prestatu duten egitarauak bi hitzordu izango ditu eta biak elkarlotuta egongo dira.  Aniztasunaren inguruan Udalak ekoiztu duen ikus-entzunezkoa eskainiko da eta ondoren aitortza egingo zaie garai desberdinetan Usurbila etorritako migratzaileei.

 

Martxoak 27 larunbata

  • Arratsaldeko 17:00etan, Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras dokumentala Sutegin.
  • Proiekzioaren amaieran, aitortza-ekitaldia frontoian.
  • Oharra: Edukiera mugak direla eta, eskaera nahikorik balego, bigarren emanaldi bat izango da hurrengo egunean, hilaren 28an, ordu berean.
  • Izen-ematea, usurbilkultura.eus webgunearen bidez egingo da.

 

Migrazio prozesu guztien motibazio nagusia, “bizimodu hobe bat topatzeko nahia”

2020ko udazkenean, Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen ikerketa abiatu zuen Aztikerrek, Udalaren eskariz. Ondorioa argia da: antzeko motibazioak bultzatu ditu migrazio prozesuak, “bizimodu hobe bat topatzeko nahia”.

Ikerketa egiteko, azken hamarkadetan Usurbilek jaso dituen bi migrazio olatu nagusietako protagonistengana jo du Aztikerrek. “Herrian jaiotakoek ere hartu dute hitza, migrazio horiek nola bizi izan dituzten ezagutzeko”, Udalak aditzera eman duenez. “Zehazki, 1960-1970eko hamarkadetako migrazio prozesuarekin zer gertatu zen aztertu dute Aztikerrekoek, nola bizi izan zuten batzuek eta besteek, helburu batekin: gaur egungo migrazioa ondo kudeatzea”.

Antzeko motibazioek bultzatu dituzte migrazio prozesuak: bizimodu hobe bat topatzeko nahia.  Desberdintasunak ere badira. “1960ko eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik iritsi zirenak lan-merkatuak sortutako beharrak erakarrita etorri ziren. Gaur egun, leku zehatz batetik baino, askotarikoak dira Usurbila iritsitakoen jatorriko herrialdeak”, Aztikerren ikerketatik ondorioztatu denez. “Horrez gain, migratzaileen bizitza erabat baldintzatzen duen lege bat dago indarrean gaur egun, orduan ez zegoena: 2000. urteko Atzerritartasun Legea”.

Horren arabera, etorkinek hiru urtez egon behar dute erroldatuta leku berean lanerako eta bertan bizitzeko baimena lortu ahal izateko. “Horren ondorioz, inolako lan-kontraturik gabe aritu behar izaten dute lanean”, zehaztu dute Aztikerreko ikerlariek. “Hiru urtez, baldintza gogorretan eta horiek hobetzeko batere aukerarik gabe”.

Batzuek eta besteek topo egiteko espazio publiko gutxiago konpartitzen dira. “Horra beste desberdintasun bat. Lehen, auzoen pisua handiagoa zen eguneroko bizitzan, leku beretan egiten zuten lan. Orain, lan munduan harreman gutxiago sortzen dira, eta sortzen direnak lausoagoak dira”.

Ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dituen gida laburtua banatuko du Udalak hurrengo astean, etxez etxe.

 

Elkarbizitza helburu

Ikerketan parte hartu dutenei aurretik eman zaie ondorioen berri. “Bilera horiek bazuten bigarren helburu bat: usurbildar guztien elkarbizitzarako proposamen zehatzak egitea, Udalak hemendik aurrera eman beharreko urratsak definitzeko asmoz”, udal iturriek aditzera eman dutenez.