Andrea Arruti: “Antzerkia erakargarri egiten bazaizu, oso aukera ona da probatzeko”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 17a, 08:54

Zestoarra da Andrea Arruti, baina Usurbilen biziko da aurrerantzean. Herritar berriak Arte Eszenikoak ikasi zituen, eta Ixabel Agirresarobe eta biek antzerki tailerra antolatu dute Aste Santurako. Tailerrari eta bere ibilbideari buruz mintzatu da NOAUA!rekin.

NOAUA! Aste Santurako proposamena luzatu duzue Ixabelek eta biok. Zer aurreratu dezakezu?

Andrea Arruti: Aspaldian genbiltzan biak zerbait antolatzeko ideiarekin. Harremana daukagu, eta animatu egin gara antzerki eskaintza egitera. Jendeak antzerkia proba dezan, jokoak egingo ditugu gauza desberdinak lantzeko. Egun dezente jarri ditugu eskura, baina izen-ematea librea izango da, hau da, egun bakarrerako, birako, aste osorako edo bi aste osoak egiteko izen emateko aukera egongo da. Bakoitzak daukan egoeraren arabera erabakitzeko aukera ematen du horrek, tailer bakoitzak indibidual modura ulertuta. Bi astez arituko gara tailerra eskaintzen, eta eguneko 8 euro balioko du. Eguneko ordu eta erdiko saioak egingo ditugu.

5 urtetik gorako edonori zuzenduta daude saioak. Belaunaldi arteko harremantze lanean interesa daukazue?

Guretzat antzerki perfektoena adin guztietako jendea biltzen duena da. Askotan taldeak egiten dira adinaren arabera, baina gu ez gabiltza horren bila. Ni denetariko taldeetan aritu naiz, nire adinekoek bakarrik osatutako taldeetan eta belaunaldi asko nahasten dituztenetan. Esperientzia horretatik ikasi dut errazagoa dela belaunaldi arteko taldeak osatzea, bai eta adin desberdinetakoei sortutako ideiak nahastuta lan indartsuagoak sortzen direla ere.

Askok antzerkia gazteen jardueratzat hartzen dute.

Jende askok ideia oker hori izaten du, bai. Ixabelek haurrei ematen dizkie klaseak, baina nik uste jende helduagoa ez dela animatzen ez duelako bere burua sekula horretan ikusi. Niri gazte eta helduagoen arteko lanketa oso interesgarria iruditzen zait, askotan probatu arte ez baita jakiten gustoko dugun edo ez.

 

“Madrilen ikasi nituen Arte Eszenikoak”

NOAUA! Zu ere haurra zinela hasi zinen antzerkia egiten?

Andrea Arruti: Ni neu Zestoan aritu nintzen hiru edo lau urte bertako antzerki taldean. 16 urterekin hasi nintzen horretan, lehenago ez nekien oso ongi mundu horrek nola funtzionatzen zuen telebistan ikusten nuenetik haratago. Askotan, antzerkia eta zinea ere ez ditugu ondo bereizten. Nik Madrilen ikasi nituen Arte Eszenikoak, eta han oso ondo bereizten ikasi nuen antzezle lana diziplina desberdinetan.

 

Orduan ez datorkizu ume-umetatik.

Egia esan, txikitatik gustatu izan zait dantza egitea eta abestea eta gisa horretako kontuak. 16 urterekin hartu nuen antzerkian hasteko erabakia eta oso gustura aritu nintzen. Beraz, behin DBH bukatuta amari esan nion batxilerra egingo nuela ondoren Madrilen Arte Eszenikoak ikasteko aukera ematen bazidan. Eta halaxe egin nuen. Madrilen bi urte egin nituen eskola batean formakuntza lanetan. Gerora lantxoak egin ditut: Aitaren Etxea pelikulan figurante lanetan aritu nintzen, beste serie bat ari naiz grabatzen orain Nahiak izenekoa, La Farandula Donostiako antzezlekuan ere lan egin dut…

Orain ez naiz antzerkitik bizi, baina gustatzen zait mundu horretan gauzatxoak egiten aritzea.

 

“Antzerkiak askatasuna ematen dit”

NOAUA! Arte Eszenikoak ikastera animatzeko antzerkiak zerbait emango zizun.

Andrea Arruti: Bai, askatasuna ematen dit niri antzerkiak, hitz egiteko askatasuna batik bat. Jende asko ezagutzen dut antzerkian murgildu dena lotsatia zelako, eta askorentzat terapia ona da gehiago irekitzeko. Autoezagutzarako ere ezinhobea da; gorputza eta hizkera asko lantzen dira.

 

Hori da bidali nahi duzun mezua?

Bai, hori da. Izen emateko asmotan dabiltzanei beldurrik ez izateko mezua eman nahi diet, ez Covid-19aren kontuagatik ez eta lotsatia izateagatik ere. Guk inor ez dugu derrigortuko egin nahi ez duen ezer egitera. Noizbait antzerkiak erakarri duen edonorentzat oso aukera ona da probatzeko, eta hortik aurrera erabakitzeko aukera izango da.

 

Tailer horietatik talde bat sortzeko asmorik al duzue?

Printzipioz tailerra sortu dugu, baina ondo funtzionatzen duela ikusten badugu, eta jendea prest badago zerbait gehiago egiteko, agian sortuko genuke talderen bat datorren ikasturteari begira edo. 

 

 

Antzerki ikastaroa gaztetxoentzat

Ixabel Agirresarobek eta Andrea Arrutik antzerki ikastaroa eskainiko dute martxoaren 29tik apirilaren 11ra.

Astelehenetik ostiralera goizeko 11:00etatik 12:30era eta arratsaldetan 17:00etatik 18:30era klase libreak eskainiko dituzte, hau da, bakoitzak nahi dituen klaseetara joateko aukera izango du.

 

Harremanetarako

  • 675712383 (Ixabel).
  • 650614380 (Andrea).