ABERRI EGUNA

Aberri Eguna plazetan eta kantuz ospatzeko proposamena luzatu dute

Apirilaren 4an Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko proposamena luzatu du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Balkoiak apaintzeaz gain, egun seinalatuan plazan kantari aritzeko gonbitea egin diete herritarrei.

Euskal Herria Batera herri ekimena eragile sozial, politiko eta sindikalekin batzekoa da egunotan. Bien bitartean, Euskal Herrian esanguratsuak diren 50 lagunek Keinu bat batera manifestu bat sinatu dute. Aldamenean duzue idatzia bere osotasunean irakurgai:

 

Keinu bat batera

Iazko udaberrian ez genuen asko pentsatuko urte bete geroago oraindik pandemia borrokatzen arituko ginenik. Baina hemen jarraitzen dugu, lehentasunez gaitzari aurre egiten eta, aldi berean, larrialdi luze honek izango dituen ondorio sozial eta ekonomikoen beldur. Ezer baino lehen, agiri honen sinatzaileok gure maitasuna helarazi nahi diegu egoeraren aurpegirik beltzena pairatu dutenei eta denon zaintzan borroka luzea daramatenei. Sinetsita gaude komunitatea trinkotuta gai izango garela aurrera egiteko.

Izan ere, 2020ko Aberri Egun bereziak erakutsi zuen Euskal Herrian ere posible dela bateratasuna. Aski izan zen herritar talde txiki batek aukera eskaintzea, Euskal Herri osoan milaka herritarrek keinu bat batera egiteko, eta hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatu ere ekimenarekin bateratzeko.

Gizarte konplexuetan handia da aniztasuna eta zail bihurtzen da batasuna, helburu bakarra eta ibilbide bera partekatzea. Posibleago da bateratasuna, jomugak hurbiltzea eta ibilbideak sinkronizatzea, tarteka batera jardunda elkar indartzea eta komunitatea aniztasunaren gainean eraikitzea.

Mundu zabalean komunitarismoa ari da indartzen globalizazioaren arriskuei aurre egiteko; lurraldeak eta haien gainean trinkotzen diren komunitateak dira tresnarik egokiena pertsonei bizitza duina eta eskubide berdintasuna bermatzeko. Nahi genuke Euskal Herria izatea halako komunitate bat, erabakimena eta eskubide politiko guztiak dituena, osatzen dugun kideoi duintasuna eta bermeak eskaini ahal izateko.

Bateratasuna areagotuko duen herrigintza behar du Euskal Herriak, etorkizuneko proiektu politikoen oinarria izango den komunitatea trinkotzeko. Herrigintza horretan erabili beharko dugu eztabaida demokratikoa beti, konfrontazioa behar denean eta lankidetza ahal den guztietan, herritarron, eragileen eta erakundeen indarrak norabide bateratuan jartzeko. Agiri honen sinatzaileok gure esku dagoena egingo dugu bide horretan aitzinatuko gaituen dinamika sortzeko, eta Euskal Herri bateratua irudikatzen duten ikur, ereserki eta ekintzak sustatzeko.

2021eko Aberri Egunari begira, ez dakigu oraindik ea aukerarik izango ote den kalean egiteko. Guk, egoera edozein dela ere, keinu bat batera egitea proposatzen diegu euskal herritarei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei: apirilaren 4an kantuan egitea, denok batera Euskal Herri osoan, 12:30etan igorriko dugun seinalea jarraituz (xehetasunak www.aberrieguna2021.eus webgunean).

Herrigintzan batera jardunda garatuko baitugu euskal lurraldeen eta herritarren arteko lankidetza, gero eta indartsuago izango den komunitatearen eraginez lor dezan Euskal Herriak erabakimen osoa.

Gora Euskal Herri burujabea!

 

Euskal Herria Batera ekimena. Talde sustatzailea.