Elhuyar Solasaldiak

Pandemiak utzi duena eta ekar lezakeena, aztergai

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 6a, 10:46

Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek hitzaldi-ziklo bat iragarri dute. Pandemiak gizartean izan duen eragina azaleratu nahi da solasaldi hauen bitartez. Hitzaldiak doakoak izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera-mugak direla eta.

Apirilak 14 asteazkena: “Covid-19aren korapiloak deslotzen” hitzaldia

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak “Covid-19aren korapiloak deslotzen” hitzaldia emango du apirilaren 14an, "pandemiari eta txertoei hainbat ikuspegi eta ertzetik begiratuz".

 

Apirilak 21asteazkena: Zaintza-eredua aztergai

Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote apirilaren 21eko hitzaldian. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.

 

Apirilak 28 asteazkena: Pentsamendu kritikoa hizpide

Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide apirilaren 28ko solasaldian. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

 

Maiatzak 5 asteazkena: Ekonomiaren berreraikuntza, ekologiatik

Maiatzaren 5ean, Covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.

 

Maiatzak 12 asteazkena: Adimen artifiziala hizkuntzan

Maiatzaren 12an, azken hitzaldian, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.

 

Solasaldi denak Sutegin egingo dira

Solasaldi denak Sutegi egingo dira, 18:30ean hasita. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira usurbilkultura.eus eta zientzia.eus atarietan. Hitzaldiak doakoka izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera-mugak direla eta.