Apirilaren 24an Artzabalen

Orbeldiren tranpaldoan dantza molde guztiak izango dira ongi etorriak

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 27a, 08:00

Dantza Eguna ospatzeko aukerarik ez zen izan iazkoan. Aurten plazara itzuliko dira dantzariak. Orbeldi Dantza Taldearen asmoa behintzat, hori da. Apirilaren 24rako hainbat ekitaldi iragarri dituzte. Tartean, Tranpaldo irekia izeneko saio partehartzailea.

Apirilak 24 larunbata

“Tranpaldo irekia” emanaldia, 16:30ean Artzabalen

“Herri guztiari dantzatzeko aukera eman nahi diogu, mikrofono irekia emanaldien estiloan”, Orbeldikoek aditzera eman dutenez. 2013an edo lehenago jaiotakoei zuzendua dago eta gehienez ere sei laguneko taldetan aritu beharko dute. “Norberari gehien gustatzen zaion dantza estiloan koreografia bat aurkezteko oholtza eskainiko dugu”.

Aurretik izena eman beharko da usurbildantzan@gmail.com helbidera idatzita. Emailean taldearen izena eta partehartzaileen izen-abizenak zehaztu behar dira.