GuraSOS: “Zaldibar Zubietara dator”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 29a, 14:38

Hondamendia gertatu zen arte, industria-hondakin askoren helmuga Zaldibarko zabortegia zen. Hondakin horiek Zubietako erraustegian erre nahi dira orain. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak emandako baimenaren aurka errekurtsoa jarri du GuraSOSek.

"GHK soilik hiri-hondakinak kudeatzeko gaitutako administrazio-erakundea da eta ez du beste hondakin mota batzuk kudeatzeko eskumenik". GuraSOSen esanetan, Zubietako erraustegia ez da industria-hondakinak tratatzeko azpiegitura egokia. "Udal-hondakinak dira etxeko hondakinak eta beste iturri batzuetatik datozenak, hala nola txikizkako merkataritzatik, administraziotik, hezkuntza-sektoretik, osasun-zerbitzuetatik, ostatutik eta elikadura-zerbitzuetatik eta beren izaera eta osaeragatik etxeko hondakinen antzekoak diren beste zerbitzu eta jarduera batzuetatik datozenak".

GuraSOSen idazkiak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/851 zuzentarauari egiten dio erreferentzia. Horren arabera, "baztertuta daude ekoizpenaren, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, eraikuntzaren eta eraispenaren hondakinak, eta hobi septikoak, estolderia-sarea eta tratamendu-plantak, eta halaber bizitza erabilgarriaren amaieran dauden ibilgailuak ere".

 

Ingurumen Baimen Bateratuaren aldaketa

Zubietan industria-hondakinak erraustu ahal izateko, Ingurumen Baimen Bateratuan (IBB) egokitu nahi dute eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren oniritzia behar da. Aldaketa hori ez da txikikeria bat GuraSOSentzat. Aurkeztu duen errekurtsoan dioenez, "aldaketa funtsezkotzat joko da aldaketak isurketak eraldatzen edo handitzen dituenean, kutsatzaile berriak kopuru esanguratsuetan sartzen direnean, edota prozesuan substantzia edo prestakin arriskutsuak sartzen direnean, edo hondakin arriskutsuen sorrera areagotzen denean".

 

"Plastikoen presentzia handiagoak emisio kutsatzaileak areagotuko ditu"

Europako Eunomia aholkularitza-agentziak egin berri duen txosten baten arabera, errausketak eta hondakin-isurketek berotegi efektuko gasen ugalketan eta airearen kalitatean eragin zuzena dute. GuraSOSek dioenez, "txosten horren arabera, erraustegietara iristen diren hondakin-hondarretan plastikoaren proportzioa gero eta handiagoa da, eta instalazio horien karbonoaren inpaktua handitzen ari da".

 

GuraSOSek aurkeztutako errekurtsoaren oinarri nagusiak:

GHK-k industria-hondakinak kudeatzeko eskumenik ez izatea, Ingurumen Baimen Integratuaren aldaketa eta hori egiteko azalpen argudiatuen gabezia

GuraSOSek aurkeztu duen errekurtsoan honako hau jasoa dator: "zuhurtasun-printzipioaren arabera, errekurtso honen xede den aldaketaren bidez hondakin arriskutsuak sartuko dira, eta, horregatik, egitate horrek hondakinak errausteko instalazioaren funtzionamendua aldatzea dakar, hondakin arriskutsuak erraustea baitakar berekin, eta horrek funtsezko bihurtzen du aldaketa". Ontzien errefusetatik eta hondakin-industrialetatik datozen plastikoen presentzia handiagoak emisio kutsatzaileak areagotuko dituztela ziurtzat jotzen du GuraSOSek.