Oinarrizko euskara klaseak antolatu dituzte jubilatuentzat, apirilaren 15etik aurrera

Euskara ikasterik izan ez zuten jubilatuentzako euskara klaseak antolatu ditu udalak apirilaren 15etik aurrera: ordu eta erdiko hamabi saio izango dira. Gure Pakea elkartean eman behar da izena klaseak jaso ahal izateko.

Klaseak euskara ikasterik izan ez zutenei zuzenduta egongo dira, batik bat: jubilatuek eurek udalari eskatuta antolatu dute ikastaroa. Izen-ematea zabalik dago: Gure Pakea elkartean egin behar da, 10:00etatik 12:00etara bitartean. Hamabost lagunentzako lekua dago ikastaroan, eta izena eman ahala beteko dira plazak.

 


Ordu eta erdiko hamabi saio izango dira. Hainbat helburu izango ditu ikastaroak: eguneroko egoera errazetan euskara ulertzeko gai izatea; egunerokoan erabiltzen diren esaldi eta esamoldeak ulertzea; euskarara hurbiltzea, aurrera begira ikasten jarrai dezaten; oinarrizko edukiak ezagutzea. Hala, agurrak, elkarrizketa hasierak eta bukaerak, elkarrizketa laburrak, aginduak, esamoldeak eta kontaketak landuko dituzte, baita oinarrizko lexikoa (orduak, hilabeteak, zenbakiak, etab) eta norberaren inguruko datuak ere (bizilekua, intereseko lekua, familia, enpresa..). Emuneko Xabier Apaolaza Etxeberria izango da irakaslea.