Udala, Oinarrizko Lanbide Heziketa indartzearen alde

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 31a, 08:03

Udalen esku dauden Oinarrizko Lanbide Heziketa zentroak indartzeko neurriak hartzeari buruzko mozioa onartu zen martxoko ohiko plenoan.  EH Bildu eta PSE-EEren babesa jaso zuen idatziak. EAJk abstentzioaren alde egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren behin betiko dekretua ez delako oraindik argitaratu.

 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila udalerriekin batera ari da lanean, hurrengo bost urteetan zerbitzuaren kudeaketa arautuko duen dekretua lantzen. “Zenbait hobekuntza izango dituen arren, zerbitzua gehiago hobetzeko ekarpenak egin nahi ditugu”, azaldu zuen EH Bilduk plenoan. 

Koalizio abertzalearen ustez, ikasleen garapen profesional zein pertsonala ditu helburu Oinarrizko Lanbide Heziketak, eta horrek ezinbestean dakar integrazio soziala, ikasketen berreskurapena eta lan munduan sartzeko bitartekoak eskaintzea. Udalek, horretarako, bitarteko ekonomiko gehigarriak jarri behar izaten ditu. “Bestela, ezingo genituzke helburu horiek bete”, EH Bilduren esanetan.

Udalei egiten zaien ekarpena handitzea du helburu EH Bilduk, eta Oinarrizko Lanbide Heziketan aritzen diren profesionalen lan esperientzia Lanbide Heziketako zentro publikoetako profesionalen berbera izatea.

EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen mozioa. EAJk abstentziora jo zuen, behin betiko dekretua ez delako oraindik argitaratu.