Haur Eskolaren zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu da

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 31a, 08:00

Haur Eskolaren esleipena baimentzen duen plegua martxoaren 23ko plenoan onartu zen. Eskaintzak aurkezteko epea apirilaren 26an amaituko da.

2008. urtean esleitu zen lehenengo aldiz udal Haur Eskola zerbitzua, 12 urterako. "Iaz, Covid-19ak eragindako pandemia medio, urtebeteko luzapena onartu zuten ekaineko osoko bilkuran, eta, beraz, esleipen berria egokitzen da aurten", udal iturriek aditzera eman dutenez. Martxoaren 23an eman zuten horretarako pausoa, pleguak onartuta.

Deialdi berriak zenbait aldaketa barnebildu ditu. Batetik, esleipenaren iraupena. "Egungo egoeraren aldakortasuna kontuan hartuta, esleipena bost urterako izatea adostu dute: 3 urterako lehenengo, 2 urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin", Udalak aditzera eman duenez.

 

Ekarpena, ume kopuruaren arabera

Bestetik, Udalak egin beharreko ekarpen ekonomikoa zehazteko irizpideak ere aldatu egin dituzte, udal kontuhartzaileak egindako txosten bat oinarri hartuta. "Horren arabera, udal haur eskola zerbitzua bideragarria da, nahiz eta erabiltzaile kopuruan gorabeherak izan diren hamabi urteotan". 2008an, 140 ume egotera iritsi ziren. Gaur egun, 38 haurren aterpe da Haur Eskola. Horregatik, udal ekarpena aldakorra izatea adostu dute: ume kopuruaren arabera.

 

Udalaren ekarpena, zenbakitan

40-44 ume arteko ikasturtean, haur bakoitzeko 1.200 euroko ekarpena egingo du Udalak. Kopurua gutxituko balitz, eta ikasturtea 37-39 ume artean balego, ume bakoitzeko udal ekarpena 25 euro gehiagokoa izango da. Alderantziz, kopurua handituko balitz, ume bakoitzeko egingo duen ekarpena 25 euroan gutxituko da. "Gehieneko eta gutxieneko kopuruak ere ezarri dituzte", udalak aditzera eman duenez. "Gutxienez 1.100 euroko ekarpena egingo du umeko (haur kopurua hazten bada); gehienez, 1.300 euroko ekarpena egingo du (haur kopurua gutxitzen bada)".

 

EAJk abstentziora jo zuen

EAJk ez zuen mozioa babestu. Haur eskola publikoaren aldekoa dela argudiatu zuen alderdi jeltzaleak, eta Usurbilgoa Haurreskola Partzuergoaren sarearen barruan egotea nahiko luketela. EH Bilduk harrituta hartu zuen argudioa, “udal Haur Eskola zerbitzua, hain zuzen, zerbitzu publikoa delako”.

Esleipenaren oinarriak jada argitaratu dituzte, eta eskaintzak aurkezteko epea bihartik apirilaren 26ra artekoa izango da. Hauxe esteka: Usurbilgo Udal Haur Eskola, esleipena