Bizilagunek osatutako aholku batzorde bat eratzea proposatu du PSE-EEk

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 31a, 09:33

Patxi Suárez zinegotzi sozialistak proposamen bat luzatu zuen lehengo asteko plenoan: bizilagunek osatutako aholku batzorde bat eratzea. Era honetan, udal jardueran modu aktiboagoan parte hartzeko aukera izango lukete.

“Herritarren partehartzea eskubide bat da eta demokrazia aberasten du”. Hitzok Patxi Suárez zinegotziarenak dira. Bizilagunen aholku batzordea partehartzea sustatzeko tresna litzateke. Udal ordezkari sozialistaren esanetan, usurbildarrak beti antolatu dira euren auzoetako bizi baldintzak hobetzeko. Kalezar eta Emakumeen Etxea eraikitzeko prozesua jarri zituen adibide gisa.

Auzo elkarteek eta bestelako agenteek herritarren kezka iturri diren gaien inguruko informazioa batu dezakete. Organo berriak kezka horiek bideratzeko balio dezake, baita proposamenak luzatzeko ere.

 

Batzordea, elkargune

Horretaz gain, bizilagunen aholku batzordea elkargune bilakatuko litzateke, auzo guztiei eragiten dizkieten gai zehatzak landu ahal izateko: inbertsioak, mantenu-lanak edota jaien antolaketak. “Herritarren eskutik jasotako kexuen edo proposamenen segimendua egiteko ere balioko luke, baita eman beharreko erantzunak bideratzeko ere”.

Batzorde berri honek ez luke eragingo jada martxan diren auzo ekimenen jardueran. Dena den, eta honi lotuta, Patxi Suárezek proposamen bat luzatu nahi dio udal gobernuari. Aholku batzorde berriari buruzko ordenantza erregulatzaile bat osatu dezala, “balizko gatazkak ekiditeko eta dinamika eraginkor bat errazteko”.

 

Aholku batzordearen funtzionamendua

Zer nolako funtzionamendua izango luke organo berri honek? Zinegotzi sozialistak hainbat proposamen luzatu zituen martxoko plenoan. Foro berri honen bilerak aldizkakoak izan behar dute. Urtean bitan elkartzea egoki ikusten du, baina beharrezkoa ikusiko balitz, ezohiko bilerak antolatzeko aukera egongo litzateke.

Auzo elkarteek funtsezko tokia izango lukete batzorde berrian, baina bestelako elkarteek eta ordezkaritza duten alderdi politikoek ere bertan partehartzeko aukera izan beharko luketela uste du Patxi Suárezek.