Koronabirusa

Gutxigatik bada ere, Usurbil itxiera perimetraletik salbu izango da

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 6a, 12:37

Osasun Sailak gaur eguerdian zabaldu dituen datuen arabera, intzidentzia-tasa metatua 396,32koa da Usurbilen. Ez da itxiera perimetralik ezarriko, ez delako 400eko kopurua gainditu. Aurrerantzean, astelehenero eguneratuko dute zerrenda.

400eko intzidentzia-tasa metatua gainditzen zuten herrietan, itxiera perimetrala ezarri zuen LABIk. Neurria martxoaren 29an sartu zen indarrean. Egun horretan, altua zen tasa hori Usurbilen, baina ez zuen 400eko muga gainditzen. Horregatik, Aste Santuko egunetan ez zen itxierarik ezarri gure herrian. Gaur eman dituzten datuen arabera, 400dik behera segitzen du tasak Usurbilen eta Pazko Aste honetan ere itxiera perimetraletik salbu izango gara.

 

Covid-19 kasuak Usurbilen

Martxoak 30 asteartea: 2 kasu atzeman zituzten Usurbilen.

Martxoak 31 asteazkena: Kasu 1.

Apirilak 1 osteguna: 3.

Apirilak 2 ostirala: 0.

Apirilak 3 larunbata: 3

Apirilak 4 igandea: 0.

Apirilak 5 astelehena: 2