'Ombuaren itzala'

Patxi Bisquert Potxoenean izango da apirilaren 20an

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 10a, 07:01

Pello Mari Otaño bertsolariaren inguruko film bat egin nahi dute. Auzolanean gauzatu nahi dutenez, herriz herri ari dira egitasmoa aurkezten. Apirilaren 20an, Patxi Bisquert aktorea Potxoeneara hurbilduko da eta filmari buruzko hainbat xehetasun eskainiko ditu.

Pello Mari Otaño bertsolariaren bizimodua, egokitu zitzaion garai historikoa eta haren lana bildu nahi dituzte 'Ombuaren itzala' filman. Patxi Bisquert aktorea da ekimen honen bultzatzaile nagusia eta inguruan ditu Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultur Taldeko kideak ere.

 

Herrigintzan oinarrituta

Bisquertek sortutako Eguzki Art ekoiztetxea dago ekimenaren atzean. Prentsa oharrean azaldu duenez, "Eguzki Art Zinemak urteak daramatza 'Ombuaren Itzala' filma gauzatzeko ahaleginetan. Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera doa proiektua, Pello Mari Otañok –bizitza eta obra–, ahanzturatik aldenduz,  geure memoria kolektiboan txertaturik iraun dezan".

Herrigintzan oinarritu dute filmaren ekimena eta auzolanean lortu nahi dute filma egiteko beharrezkoa den dirua: "Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe".

 

Hitzaldia, apirilaren 20an Potxoenean

"Bertsolari-poeta handia izan zen Pello Mari Otaño", diote Eguzki Art ekoiztetxekoek. "Auzolanetik abiatuz, herriaren bultzadaz eta arnasaz lagundurik ekoiztu nahi dugu filma, Euskal Herriko txoko urruneneraino iritsi dadin Otañoren oihartzuna. Baina film bat gauzatzea ez da merkea, diru asko behar da. Horretarako, eta herrigintzan konfiantza osoa dugunez, auzolana erabiliko dugu diru bilketa hori lortzeko". Proiektuaren nondik norakoak kontatzeko, Patxi Bisquert hurbilduko da Potxoeneara.

Apirilaren 20an asteartea, arratsaldeko 18:30ean Potxoenean.