Independentzia Eguna

[IRUDITAN] Independentzia Eguna argazkiz kontatuta

Erredakzioa 2021ko api. 10a, 20:48

Buruntzaldeko Ernaik Usurbilen antolatu du Independentzia Eguna aurtengoan. Udaberrian egin ohi dute beti herrien arteko egitaraua, eta Usurbilen bildu da aurtengoaren muina. Dozenaka lagun bildu dira goizeko zein arratsaldeko ekitaldietan.

Goizeko 11tan ekin diote Independentzia Egunari Gazte Olinpiadekin. Dozenaka lagun elkartu dira frontoian talde txikitan jokuak egiteko. Pare bat orduz lehian edo jolasean aritu ondoren, ekitaldia egin dute hor bertan. Aitor Agirrek bertso pare bat eskaini ditu, Maddi Zuloaga eta Malen Azpiazuk gitarra eta musikaz alaitu dute ekitaldia eta azkenean, taldeko dinamizatzaileetako batek hitz batzuk esan ditu  egunaren baitan. 

Arratsaldean, Maialen Aristegi lasartearraren ordua izan da kontzertua eskaintzeko Sutegin. Berak sortu eta abestutako kantuez osatutako kontzertua izan da, eta hainbat pertsona erakarri ditu bertara. Kinada taldea ere Aristegiren ondoren aritzekoa zen, baina Covid kasuak direla medio, ezin izan dute kontzertua eskaini. Gisa horretan amaitu da aurtengo Independentzia Eguna.