Rosa Zubeldia: “Askok ez dugu jakin hitanoa gure seme-alabei transmititzen”

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 14a, 08:05

Etumeta Euskaltegiak eta Udalak noka ikastaro praktikoa antolatu dute. Sei saio eskainiko dituzte hitanoa lantzeko, eta batez ere nokaren erabilera bultzatzeko. Rosa Zubeldia euskaltegiko irakaslea arduratuko da ikastaroa emateaz, eta xehetasun guztiak partekatu ditu NOAUA!rekin.

NOAUA! Hitanoa erakargarri egiten zaigu modu batera edo bestera, dela euskaldun zaharrak garelako, dela euskaldun berriak garelako. Hala ere, erabilerak urtetik urtera behera egiten du. Zein izan daiteke horren arrazoia?

Rosa Zubeldia: Nik uste transmisioak kale egin duela. Etxeetako transmisioan dago gakoa, nire ustez. Hala ere, esan behar da guk euskara erakusteko erabiltzen ditugun liburu  batzuetan hitanorik gabeko taulak ere ikusi izan ditudala. Egun, guraso garen askok ez dugu jakin hitanoa gure seme-alabei transmititzen. Guk, adibidez, kuadrilakook hika egiten diogu elkarri, neskei zein mutilei, baina horietako gehienek seme-alabei ez diete transmititu, eta nik uste nahiko joera orokorra dela hori. Maila akademikoan ere, ikastoletan eta ikastetxeetan ez da erakusten, eta erabili ere ez. Galera hor hasi zela esango nuke nik, eta gerora herritarrek joera hartu dute ez erabiltzeko.

 

Zuek euskaltegian hitanoa erakusten al diezue ikasleei?

Guk ez dugu hikako forma kentzen. Testu liburuetan oso gutxitan agertzen da, eta entzumenak egitean are eta gutxiago. Ikasleei deigarria egiten zaie hikaren kontua, baina aldi berean ez dute oso ondo ulertzen zer den ere. Euskara oso maila baxutik ikasten hasten direnekin edota zuzenean zerotik hasten direnekin ez dugu lehen urte horietan hitanoa lantzen. Nahikoa izaten dute zuka ikasten. Gauza pila bat ikasten dituzte lehen urte horietan, eta hika sartzea gehiegizkoa da.

 

ROSA ZUBELDIA

“Bi txanda izango dira astero, ostegunetan arratsaldeko 18:00etatik aurrera eta larunbatetan 10:00etatik aurrera”

 

NOAUA! Nori zuzendutako ikastaroa da, euskaldun zaharrei edo euskaldun berriei?

Herritar guztientzat irekita dagoen zerbait da, eta nokari garrantzia berezia eman nahi badiogu ere, ez dago emakumeei bakarrik zuzenduta. Denentzat irekita egonda ere, nik espero dudan profila emakumezko euskaldun zaharrarena da.

 

Izen-ematea nola egin beharko da, eta zenbatentzat egongo da lekua?

Gehienez 16 pertsona izango dira talde bakoitzean. Bi txanda izango dira astero, ostegunetan arratsaldeko 18:00etatik aurrera eta larunbatetan 10:00etatik aurrera. Izena emateko mezu bat bidali beharko da itzultzailea@usurbil.eus helbidera.

 

Elkarrizketa osoa, aste honetako NOAUA astekarian.