"Pandemiak zaintza eredua aldatzeko premia areagotu du"

Noaua Aldizkaria 2021eko apirilaren 15a

Udalak eta Matia Fundazioak zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesu bat abiatuko dute. Erakundeak, zaintzaren sektoreko partaideak eta komunitateko eragileak batu nahi dituzte egitasmo honetara. Prentsaurreko baten bidez hainbat xehetasun eskaini dituzte gaur eguerdian Potxoenean.

Agurtzane Solaberrietak azaldu duenez, hainbat dira Udalak halako parte-hartze prozesu bati ekitea erabakitzeko arrazoiak. Batetik, urte luzeetan Udalak eta Matiak izandako elkarlana dago, Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearen proiektuarekin areagotu dena. “Proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, bai alderdi sozialetik bai hirigintza arlotik, izan ere, Matiak adineko pertsonei zuzendutako arreta-eredu berri bat praktikan jarriko du, halabeharrez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko”. Proiektu horren harira bi erakundeak lantzen ari diren hitzarmen soziala gogoratu du alkateak, “pertsona ardatz duen arreta-ereduaren eta zainketen ikuspegi komunitarioa barnebilduko dituena”.

 

Begirada feminista eta antirrazista

Bestetik, Emaginek eskualdeko berdintasun teknikarien eskariz egindako Beterri Buruntzako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintza plana aipatu du Solaberrietak. Haren esanetan, parte-hartze prozesuari heltzeko ezinbesteko oinarria finkatu du lan horrek: “Zaintzaren gaiari ekonomia feministaren oinarrietatik heltzen dio, begirada feminista eta antiarrazistatik, eta zaintza-erregimenari buruzko argazki zehatza eskaintzen digu”.

Agurtzane Solaberrietaren esanetan, pandemiak “ispiluaren aurrean jarri gaitu, biluzi, gure krisiak azalarazi ditu, gure miseriak, hauskortasunak eta sistema honen zelofanak. Inoiz baino gehiago ikusi dugu zaintzaren eta elkar-zaintzaren garrantzia, zaintzak direla gainerako guztia gelditu den bitartean gelditu ezin izan den hori”.

Agurtzane Solaberrieta

"Pandemiak gogor kolpatu dituen adinekoen egoitzak, eta, ondorioz, eredua aldatzeko premia are gehiago azalarazi du"

Zaintzaren garrantzia ez ezik, egungo eredua aldatzeko beharra agerian utzi du Covid19-ak: “Ikusi dugu zer nolako desoreka dagoen herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean, eta ikusi dugu horren kaltea emakumeok ordaintzen dugula, izan etxean, izan eremu pribatuan, izan eremu publikoan. Ikusi dugu zein gogor kolpatu dituen adinekoen egoitzak, eta, ondorioz, eredua aldatzeko premia are gehiago azalarazi du”.

 

Zaintza-lanak demokratizatzeko beharra

Zaintza lanak demokratizatzeko beharrezkoa izango da zaintzak eta etxeko lanek “izaera pribatua, merkantila, femeninoa eta prekarioa izateari uztea, baita migrazio prozesuen menpeko izateari ere. Ikusgarri egin behar dira, eta aitortza politiko, soziala eta ekonomikoa eman behar zaie”, Solaberrietaren esanetan. Zaintza lanak sozializatu eta kolektibizatu behar direla nabarmendu du, familiaren eta emakumeen ardura esklusiboa izateari utzi, eta gizartea osatzen duten erakunde, eragile eta pertsona ororen ardura izatera pasatu.

"Usurbildarrok nola zaindu nahi dugu? Nola zainduak izan nahi dugu? Zein konpromiso hartuko ditugu horretarako norbanako, komunitate eta erakunde gisa?”. Udalak eta Matiak sustatu duten parte-hartze prozesuak galdera hauek izango ditu abiapuntu.

 

Zaintza eredu jasangarri baten aldeko apostua

Matia Fundazioko Erkuden Aldazen esanetan, “herritarrak zaintzen dituen herriaren eraketa da, gure ustez, zentzu guztietan zaintza eredu jasangarri baten eraketarako bidea”. Bultzatu eta garatu dituzten bi proiektu jarri ditu adibide gisa: Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako Etxean Ondo eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egindako Etxean Bizi proiektuak. Proiektu horietan, pertsona da arreta ereduaren ardatz. “Horrek pertsona bere osotasunean ikustea dakar: bere gaitasunak abiapuntutzat hartu, eta beharretatik harago, pertsonen ongizaterako eta zentzuzkoa zaien bizitza bizitzeko garrantzitsuak diren aldagaiak kontuan hartuta, beraien autodeterminazioa sustatu eta duintasuna bermatuz”, Erkuden Aldazek azpimarratu duenez.

Zaintza ekosistema bat osatzeko garaian, kontuan izan behar diren gako batzuk nabarmendu ditu:

  • Erantzunkidetasuna. Zaintzari dagokionean denok erantzule garela barneratu behar dugu. Zaintzaren erantzukizuna kolektiboa da: erakunde publikoena, gizarte ekimenarena eta mugimendu komunitario eta elkarteena, besteak beste.
  • Parte-hartzea. Herritarrak dira herriarentzat nahi duten zaintza ereduaren definizioan protagonistak, eta, beraz, hartuko diren erabakietan parte-hartze erreala behar lukete izan. Zaintza ekosistema baten eraketan, ekosistemako eragile guztien parte-hartzea beharrezkoa da, iraupen luzeko zainketetan pertsona bakoitzak behar duen laguntza bermatzeko; prebentzio ekintzetatik abiatuta bizitzaren azken uneetan zaintza integral eta koordinaturaino.
  • Zeharkakotasuna. Zaintza beharrean dauden eta hauen zaintzaileetatik hasi eta gizarte-sektore eta ezagutza-alor ezberdinak beharrezkoak dira, bakoitzak bere esperientzia eta ezagutzatik, zainduak diren pertsonen eta zaintza burutzen dutenentzat erantzun integral eta koordinatuak eman eta testuinguru seguru eta duin batzuk sortu ahal izateko. Osasun eta gizarte zerbitzuen arteko harremana sustatzea, zerbitzu berriak definitzea, daudenak malgutu eta eraldatzea, zerbitzu ezberdinen erabilera koordinatzea eta abar beharrezkoak izango dira, eta baita ekosistema osoari zuzenduriko sentsibilizazioa eta honen guztiaren artikulazioan egongo diren profesionalen ahalduntzea.

 

 

Parte-hartze prozesuaren metodologia

Ainara Tomasena Matia Fundazioko kide da eta berak xehatu du parte-hartze prozesuaren metodologia. Bi fase bereiziko dira. Lehenengoan, zaintza eredu berria diseinatuko da, "denen artean". Bigarrenean, eredu hori herrian txertatzeko ibilbide-orria zehaztuko da.

Lehenengo, prozesua gauzatzeko, talde eragile bat eratuko dute. Bertan parte hartuko dute laguntza beharrean dauden pertsonek eta euren zaintzaileek zein zainketen arloan funtsezkotzat jotzen diren eragile komunitarioek, sentsibilitate desberdineko pertsonak uztartzeko asmotan. Talde hori izango da proiektuaren motorra, nola garatuko den zehaztuko duena: talde horren lehenengo bilera maiatzean egitea aurreikusi dute. Talde eragileaz gain, beste foro parte-hartzaile batzuk ere jarriko dituzte martxan, gainerako eragile eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten.

Egungo zaintza sistema nolakoa den aztertzetik hasi eta Usurbilen nolako zaintza eredua nahi duten irudikatuko dute hurrengo hilabeteetan. Asmoa da urte amaierarako eredu berri hori definituta izatea, eta, 2022an, pixkanaka, aldaketak egiten hastea.

 

Elhuyar Solasaldietan zaintza izango dute hizpide

Datorren asteko Elhuyar Solasaldietaan zaintza ereduaz jardungo dute. Matiako kide Mayte Sanchok eta Emagin elkarteko Miren Arangurenek hitz egingo dute bertan; Sanchok iraupen luzeko zaintzaren inguruan, eta Arangurenek Beterri Buruntzako zaintza erregimenaren inguruan. Apirilaren 21ean izango da, 18:30ean, Sutegin. Bertatik bertara jarraitzeko izena eman behar da usurbilkultura.eus atarian, eta streaming bidez jarraitzeko aukera ere izango da plataforman bertan.