ELHUYAR SOLASALDIAK

“Hau ez da pandemia bat, hau sindemia bat da”

Noaua Aldizkaria 2021eko apirilaren 16a

Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Fundazioarentzat egiten du lan. Covid-19aren korapiloak deslotzen izeneko hitzaldia eskaini zuen aurreko asteazkenean Sutegin. Pandemiari buruzko jakingarri ugari aletu zituen.

“Krisi bat baino gehiago elkartzen direnean, haien ondorioak ez dira 1 eta 1en gisan gehitzen. Are okerragoa da gertatzen dena". Ana Galarragaren esanetan, “biderkatu egiten dira”. Lancet aldizkaritik jaso du sindemia definizioa, Covid-19ak ekarri duen status quo honetan krisi bat baino gehiago elkartu delako: osasun krisi bat, gizarte krisi bat (ezberdintasun sozialak agerian geratu dira eta globalizazioaren ajeak nabarmendu) eta ingurumen krisi bat. “Elkarlotuta daude krisi denak eta ondorioak are eta handiagoak dira”. Horregatik, sindemia kontzeptuaren talaiatik begiratuta, bizi dugun egoera hobeto ulertzen dela dio Elhuyarreko kideak. 

 

“Genero-diskriminazioa egiturazkoa izaten ari da”

Pandemiak, bistan da, ez du soilik osasun krisi bat eragin. Pandemia bezala, osasuna ere poliedrikoa dela gogorarazi zuen Galarragak. “Fisikoa izateaz gain, psikikoa eta soziala ere bada”. Eta ezaugarri sozialek eragin zuzena dute koronabirusaren ondorioei aurre egiteko garaian. “Enpleguaren arloan adibidez, lanbide batzuk ezinbestekotzat jo ziren itxialdian, eta telelana gutxi batzuentzako pribilegio bat izan zen”. Ezinbesteko ofizioen artean zen zaintza-lana, “baina horietako asko ez dira ordainduak”. Eremu domestikoan nagusiki. Eta eremu pribatu horretan, zaintza-lanak ia beti emakumezkoek egiten dituztela ohartarazi zuen.

 

ANA GALARRAGA

‘Covid iraunkorra’ delako gaitzak emakumeengan izan du eraginik handiena. “Baina  hori ez da oraindik aztertu, gizonezkoetan jarri zelako fokua hasiera-hasieratik”

 

Aldagai sozialen garrantzia

Pandemiari argazki zehatz bat atera nahi bazaio, baldintzatzaile sozialak kontuan hartu behar direla dio. Ildo horretan, genero-diskriminazioa egiturazkoa izaten ari dela dio Galarragak. “Pandemia hasi zenean, fokua gizonezkoengan jarri zen, hasiera batean ikusi zelako kutsatze eta heriotza gehien gizonezkoengan ematen zela. Gizonezkoen patologiak ikertu ziren, baina ikerketa horietatik aparte utzi zituzten emakumeak. Gero ikusi da Covid iraunkorra delako gaitzak (infekzioa gainditu ondoren sintomek iraun egiten dute) emakumezkoengan izan duela eraginik handiena. Eta hori ez da oraindik aztertu, gizonezkoetan jarri zelako fokua hasiera-hasieratik”.

Denborarekin ikusi da gainera, emakumezkoek kutsatzeko arrisku handiagoa dutela. Lan esentzialak (osasungintzan edota zerbitzuetan) eta zaintza arloa nagusiki emakumezkoen gain geratzen direlako. “Horrek errazten zuen birusa hartzea, nahiz eta gero patologia ez garatu gizonezkoek bezain gordin”.

 

“Txertoak arrakasta zientifiko ukaezinak izan dira”

Ana Galarragak pandemiaren ertz ezberdinak aztertu zituen asteazkenean, Elhuyar Solasaldien baitan. Txertoei eta txertaketei tarte bat eskaini zien. “Txertoak izan dira arrakasta zientifiko ukaezinak. Mugarri bat izan da”, azaldu zuen Sutegin bertaratu zirenen aurrean. “Nik neuk ez nuen uste urtebeteko epean hainbeste txerto lortuko zenik”.

Oro ez da urre, ordea. “Desastrea banaketan eta txertaketan etorri da”. Mapa baten laguntzaz, begibistan utzi zuen zer nolako ezberdintasunak ematen ari diren. “Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, herrialde aberatsetan, lautik bat dagoeneko txertatua dago. Gainerako herrietan, 500dik bakarra”.

 

TXERTOAK

Ana Galarragak txerto hauen balioa azpimarratu nahi du. “Irizpide zientifikoen arabera, onurak handiagoak dira, albo-ondorioek ekar ditzaketen kalteak baino".

 

AstraZeneca eta Janssen txertoen balioa kolokan jarri da azken asteotan. Mesfidantzak mesfidantza, Ana Galarragak txerto hauen balioa azpimarratu nahi du. “Irizpide zientifikoen arabera, onurak handiagoak dira, albo-ondorioek ekar ditzaketen kalteak baino. Ez dago inolako zalantzarik horretan. Eta halaxe esan du Europako Medikamentu Agentziak. Txertaketarekin segitzea gomendatu du eta txertaketa bera azkartzea komeni dela dio. Gero eta jende gehiago txertatu, heriotza gehiago ekidingo direlako. Horren ordez, herrialde bakoitzak bere erabakiak hartu ditu, irizpideak bateratu gabe.  Europan bakarrik ematen da egoera hau”.

AstraZeneca txertoa 115 herrialdetan ari dira erabiltzen. “Merkeena delako. Oxfordek erabaki zuen ez zuela diru-irabazirik nahi pandemia bukatu arte”. Pfizer txerto gehiago iritsiko dira laster Europako herrialdeetara. “Europak posible du baina beste herrialde batzuk ez dute aukera hori izango”. Eta hori erabat bidegabea dela dio Galarragak.

 

“Gazteena gehien kriminalizatu den taldea izan da”

Pandemiak agerian utzi duen beste elementu bat estigmatizazioa izan da. “Estigmak eta erruak oso ondorio txarrak ekartzen dituzte. HIESaren garaian ikusi zen; gaitza prostitutekin eta homosexualekin lotu zenenean”. Arrisku hori bazegoen pandemia hau hasi zenetik, eta lehen unetik komunitate txinatarrak jasan zuen estigmatizazioa.

Gerora, ez da estigmatizatua izan den kolektibo bakarra. Denborarekin mundu osora zabaldu denez, beste segmentu batzuk jarri dira begipuntuan. Horien artean, gazte jendea. “Gehien estigmatizatu den taldea izan da”, zioen Ana Galarragak. “Kriminalizazio garbia, erabat injustua”. 16 eta 18 urtetik beherakoentzat txertaketarik ez dago aurreikusia oraingoz, “seguraski azkenak izango dira txertoen onurak jasotzen. Bien bitartean, jarraitu beharko dute maskarak eta distantzia mantentzen. Eta berez eta naturaz tokatzen zaie elkarrekin egotea, harremantzea, jende berria ezagutzea...”.

 

#Elhuyar Solasaldiak Zaintza ereduaz ariko dira datorren astean

Apirilak 21asteazkena: Zaintza-eredua aztergai

Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote apirilaren 21eko hitzaldian. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.

 

Apirilak 28 asteazkena: Pentsamendu kritikoa hizpide

Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide apirilaren 28ko solasaldian. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

 

Maiatzak 5 asteazkena: Ekonomiaren berreraikuntza, ekologiatik

Maiatzaren 5ean, Covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.

 

Maiatzak 12 asteazkena: Adimen artifiziala hizkuntzan

Maiatzaren 12an, azken hitzaldian, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.

 

Solasaldi denak Sutegin egingo dira

Solasaldi denak Sutegi egingo dira, 18:30ean hasita. Streaming bidez jarraitu ahal izango dira usurbilkultura.eus eta zientzia.eus atarietan. Hitzaldiak doakoka izango dira, baina Sutegira bertaratzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera-mugak direla eta.