Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote apirilaren 21eko hitzaldian. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.
Hitzaldi-zikloa, aspaldidanik Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek duten lankidetza eta harremanaren adibide argia da. Baina ez bakarra. Harria Hitz edota Kalezarko Pelaioenea eraikinean etorkizunean egoitza izango duten Emakumeen Etxea eta auzo-ekipamendua egitasmoen bueltan ere elkarrekin aritu dira lanean. Udala Elhuyarreko bazkide eta patronatuko kidea da.
Elkarlan horrek, besteak beste, euskararen normalkuntza eta zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen aldeko lana sustatzea ditu xede. Covid-19ak herritarren artean zientziaren ezagutza zabaltzeko beharra inoiz baino ageriago jarri duen garaiotan, lankidetza esparru hori solasaldi-sorta baten bidez gauzatuko dute Udalak eta Elhuyarrek asteotan.
"ELHUYAR SOLASALDIAK"
Saioen ordutegia: 18:30.
Saioak non: Sutegi.
Izen ematea: doan aurrez, usurbilkultura.eus atarian. Hitzaldi guztiak zuzenean usurbilkultura.eus edo zientzia.eus atarien bidez.
Apirilak 21, asteazkena: Zaintza-eredua aztergai
Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote apirilaren 21eko hitzaldian. Batetik, Matia fundazioa Usurbilgo Udalarekin lantzen ari den zaintza-ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.
Apirilak 28, asteazkena: Pentsamendu kritikoa hizpide
Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide apirilaren 28ko solasaldian. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.
Maiatzak 5, asteazkena: Ekonomiaren berreraikuntza, ekologiatik
Maiatzaren 5ean, Covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.
Maiatzak 12, asteazkena: Adimen artifiziala hizkuntzan
Maiatzaren 12an, azken hitzaldian, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.