Koronabirusa

Eremu gorrian egon arren, neurri berririk ez momentuz

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 21a, 13:29

100.000 biztanleko 14 eguneko 443,88ko intzidentziarekin eremu gorrian sartu da Usurbil. Baina egun indarrean diren neurriak ez dira gogortuko momentuz. Bestelako aldaketarik ez bada, astelehenetik aurrera gogortuko dira covid19aren hedapenari aurre egiteko neurri berriak.

Usurbil ere, 5.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri ia guztien antzera eremu gorrian da asteazken honetatik, 100.000 biztanleko 14 eguneko 400eko intzidentzia muga gainditu ostean. Halere, covid19ari aurre egiteko duela 24 orduko neurriek indarrean egoten segitzen dute udalerri honetan. Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABIak astea amaitu baino lehen kontrakorik adierazten ez badu, datorren astelehenean, apirilaren 26an hasiko dira aplikatzen neurri berriak. 

Gogoan izan, egun, besteak beste, etxeratzeko agindua dugula 22:00-06:00 artean, ostalaritza guneek ixteko agindua dutela 20:00etan eta ordubete beranduago merkataritza sektoreko establezimenduek. Udalerritik irtetea baimendua dugu.

Honenbestez, datorren astelehenetik aurrera zer? Lehenago bestelako aldaketarik ez bada, neurri berriok izango ditugu indarrean:
-Udalerri mailako itxiera perimetrala.
-Alboko udalerrietara (Donostia, Orio, Lasarte-Oria) erosketak egin nahiz aire zabalean jarduera fisikoa egiteko aukera.
-Jendaurreko ordutegi murrizketa ostalaritzan: 6:30-9:30/13:00-16:30.
-Kirol jarduerak: gune itxietakoak gehienez lauko taldeetan, aldagelak eta dutxak itxita igerilekuetan izan ezik eta guneotan edukieraren %35a erabili ahalko da eta dutxak banaka.