Greba sektore publikoan

Murrizketak zerbitzuetan, sektore publikoan gaurko deitutako greba egunean

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 22a, 09:42

Euskal gehiengo sindikalak greba eguna deitu du sektore publiko osoan ostegun honetarako, apirilaren 22rako. Usurbilen ere eragina izango du deialdiak.

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek greba eguna deitu dute ostegunerako, apirilaren 22rako sektore publiko osoan, "enplegu publikoa sortzearen, eta aldi baterako enplegua zein behin behinekotasun hori pairatzen duten langileen enplegua finkatzearen alde proposatutako mobilizazio dinamika bateratuan parte hartze aktiboa izatera dei egiten diegu". Mobilizazioak deitu dituzte 11:30etan hiriburuetan; Gipuzkoa mailakoa Donostiako Bulebarretik abiatuko da.

Greba egunak eragina izango du Usurbilgo eguneroko bizimoduan. Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, hondakinen bilketa zerbitzurik ez da izango ostegun honetan, Garbitaniak bat egin baitu greba deialdiarekin. "Bihar ez da hondakinik jasoko, greba dela eta. Enplegu publikoa egonkortzea eskatzeko bihar egingo den grebarekin bat egin du Garbitaniak". Horrekin batera Udalak ohartarazi duenez, "udal-langileak ere grebara deituak izan dira, eta horrek zenbait gorabehera sor ditzake".

Garraio zerbitzuetan ere nabariko da greba eguna. Lurraldebusek gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu apirilaren 22rako. Zumaia-Donostia artean: 7:30, 8:50 (Zarautzetik), 12:35, 13:05, 18:50 (Zarautzetik), 19:50 (Zarautzetik). Donostia-Zumaia artean: 6:45, 8:45, 9:45, 13:45, 14:15, 18:45, 19:45, 21:15. Informazio gehiago lurraldebus.eus atarian.

Euskotrenek ere gutxieneko zerbitzuok finkatu ditu. Orohar, lan egunetan orduerdiro izaten dira tren zerbitzuak. Apirilaren 22an aldiz orduro izango dira. Usurbildik Donostiara 6:24-22:24 artean orduro. Azken zerbitzua 22:54an. Usurbildik Oriorantz aldiz, 6:04-22:04 artean orduro. Informazio gehiago hemen: euskotren.eus

 

ç