‘Migrazioari maskarak erauzten’ ikus-entzunezkoa sarean da jada

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 21a, 17:09

Aztikerrek Usurbilgo Udalaren eskariz egindako ‘Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen’ ikerketaren osagarri den ikus-entzunezko lana ikusgai dago udalaren webgunean. Liburutegian ere maileguan hartzeko aukera izango da.

Usurbilgo Udalak sarean jarri du ikusgai "Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras" ikus-entzunezkoa. Migrazioaren inguruko esperientziak eta diskurtsoak jaso dituzte ikus-entzunezko honetan, protagonisten ahotsean, Aztikerrek egindako Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza Usurbilen ikerketaren osagarri gisa. Martxoaren 27an estreinatu zuten lan hori, Sutegin, jatorri aniztasunaren inguruko 2021eko Mundualdiaren barruan. Laster, liburutegian maileguan hartzeko aukera izango da, USB formatuan, eta ikusteko interesa agertu duten hainbat talderekin harremanetan da udala, emanaldiak antolatzeko.


Ikus-entzunezkoa Usurbilek jasotako bi migrazio prozesu nagusietan oinarritzen da: 1960/70eko hamarkadan Espainiatik etorritakoan, eta 2000. urteaz geroztik munduko hainbat tokitatik etorritakoenean. Arreta lehenengoan jarri du, aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko helburuarekin, nahiz eta bigarrenak ere agertzen diren. Aztikerren ikerketan parte hartutakoak dira ikus-entzunezkoan ageri diren gehienak, hamasei herritar, guztira.


Usurbilgo Udala urteetan ari da jatorri aniztasunaren azterketa egiten, Euskal Herritik kanpo jaiotakoen bizilekua kontuan izanda: Usurbilgo biztanleak non jaioak diren azaltzen du, bestelako hainbat aldagairekin batera. Oraingoan, ordea, jauzi kualitatibo bat eman du: azterketa kuantitatiboa ez ezik, migrazioaren inguruko esperientziak eta diskurtsoak biltzera jo du, guztien arteko elkarbizitzan sakondu asmoz. Zentzu horretan, herritarrekin egindako elkarrizketek udalak aurrera begira zein urrats egin ditzakeen definitzeko balio izan dute, eta lanketa horretan murgildurik dago dagoeneko.