Zubietako erraustegiaren kutsaduraren inguruko kontrol independentea bideratzen dabiltza 2019. urteaz geroztik, Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Mugimendua. "Helburua: erraustegia funtzionamenduan jarri aurretik, o gunean kutsaduraren neurri erreferentzialak finkatuta uztea, gerora konparaketak egin ahal izateko", Anerreka Ingurumen Elkartetik berri eman dutenez.
Holandako Toxicowatch fundazioa bideratzen ari da kontrol independentea. "Laginak hartu ziren inguruko lur, landare eta erreketan. Baita, inguruko zenbait oilategitako arrautzak ere analizatuak izan ziren". Laguntza ere bildu zuten proiektua abiarazteko. "Herritarren artean crowdfunding bidez bildutakoa eta zenbait erakunderen dirulaguntzak finantzatuta abiatu zen ikerketa".
2019an egindakoa, iaz, 2020. urtean errepikatu zuten, "Covid-aren mugapenak gailenduz, laginak hartu ziren berriro, konparaketak egiten hasi ahal izateko". Eta urtero lanketa bera bideratzen segi asmo dute. Aurretik, 2019an hartutako laginen emaitzak aurkeztu zituzten berriki Zubietan, eta gauza bera egin asmo dute orain larunbatean (apirilak 24) Usurbilen, 12:00etan Sutegiko auditorioan. "Hitzaldian zehar, 2019ko laginen analitiken emaitzen berri emango da, eta bide batez, proiektu honen egungo egoera zein den ere azalduko da", iragarri du Anerreka Ingurumen Elkarteak.
Gaiari buruzko xehetasun gehiago, aste honetako NOAUA! aldizkarian jaso ditzakezue. Esteka honetan: 862. NOAUA!