Kontrol Independentearen Lehen Emaitzak

Felix Olaetxea: “Erraustegiaren kutsaduren kontrol independenterako metodologia finkatua geratu da, abiapuntuko neurketak baditugu eta proiektua martxan dago”

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 22a, 14:18

Erraustegiaren azterketa independentea martxan jarri zuten duela ia bi urte, eta lehen laginketaren emaitzak aurkezten hasi dira jada. Zubietan duela aste batzuk egin zuten aurkezpena, eta larunbat honetan egingo dute bigarrena, eguerdiko hamabietan, Sutegin. Felix Olaetxea eta Maider Usabiaga arduratuko dira lan horretaz, baino lan horren atzean jende asko dago; herritar ugari eta Erraustegiaren aurkako mugimenduko hainbat kide. NOAUA!k bien usteak eta jakituria bildu ditu.

NOAUA! Sutegin lehen emaitzen berri ematekotan zaudete. Nolakoa izan da prozesua?

Maider Usabiaga: 2019aren amaiera martxan jarritako proiektua da. Garai hartan, erraustegia oraindik martxan jarri gabe zegoen, eta piztuz gero, jarraipen independente bat egiteko beharra ikusten genuen; biok industria ingeniariak gara, eta gure ezagutzak direla eta, zerbait egiteko beharra ikusten genuen. Aukera sortu zitzaigun harremanetan jartzeko ToxicoWatch Fundazioarekin. Hernani Zero Zabor taldeak antolatuta Fundazioko kideek hitzaldia eskaini zuten, eta azaldu zuten ikuspuntu zientifikoa erabat egokia iruditu zitzaigun gainera zetorkigun egoeraren aurrean tresnaren bat izateko. Herri mugimendu asko zeuden eta zientziaren laguntza hori ere gure borrokan beste tresna interesgarri bat izan zitekeela uste genuen. Herbeheretako erraustegi batekin lan polita egiten ari ziren, eta monitorizazio lan independente hori oso interesgarria eta egokia iruditu zitzaigun guretzat ere. Kutsagai Organiko Iraunkorrengan atentzio handia jarrita dauka zientziak gaur egun, eta horiek ezagutu eta lantzea garrantzitsua zen guretzat. Beraz, haiekin harremanetan jarri ginen, eta horrelako zerbait egin litekeela esan ziguten haiek. Amu bikaina ere bota ziguten, Europa Mendebaldeko lehenetarikoak izango ginela esanez, 0 lagin bat lortzen, hau da, erraustegia martxan jarri aurretik geneukan egoera aztertzen. 

 

Aipatu duzuen 0 lagin horrek berebiziko garrantzia izango du bilakaera neurtzeko, ezta?

F.O: Erabatekoa. Mendebal europan horrelako biomonitorizazio bat zero neurketatik egiten lehenengoak gara.Oso garrantzitsua da, eta gainera berezia. Horren oinarrizko zerbait oraindik egiteke zegoen. Administrazioak legeak esandakoa egitera mugatzen dira, interes ekonomikoak dira lehentasuna dutenak eta lobbyek eragin handia dute. Daukagun sistema ekonomiko da, ez ingurumena zaintzekoa sistema bat.. Gainera, kutsagaien kontrola egiterakoan, zientzia askoz aurreratuago dago lege-eskakizuna baino. Erabat zaharkituta daude legeak. Horren aurrean, proiektu hau biztanleriaren ahalduntze proiektu gisa ulertzen dugu. 

 

Nolatan ez dira neurketa horiek egiten, ez bada modu independentean, biztanleen osasuna jokoan egonda?

M.U: Hausnarketa horretatik abiatu zen proiektua hau, hain zuzen ere. Adibidez, gaur egun badaude sistemak tximiniaren irteeran dauden dioxinen laginak une oro hartzeko, gero laborategian benetan dena kontabilizatu dadin. Horren ordez, legeak,  esaten duena da urtean lau lagin hartu behar direla 6 ordutako iraupenekoak. Lagin horiek hartzeko, gainera, erraustegiak jartzen du hitzordua eta laginak hartuko dituen enpresa ere berak aukeratzen du. Legeak erabakitzen du zer den neurtuko den hori ere. Zentzu horretan ere legea erabat zaharkituta dago. Zientzialariak etengabe ari dira lanean, eta uneoro kutsatzaile berriak aurkitzen dituzte. Kutsagai Organiko Iraunkor familia ugari ari dira aurkitzen azken aldian, eta horietako asko oso kantitate txikitan oso kutsagarriak direla ikusten ari dira. Oraindik, karakterizazio fasean daude hauetako asko, baina horien eragina oso arriskutsua dela badakite. Orduan, legea ez da haien bila ari, baina gure tximinietatik aspalditik ateratzen ari dira. 2019an, Gipuzkoako Foru Aldundiak lan epidemiologiko bat eskatu zion BioDonostiari eta hainbat pertsonari odol laginak egin zizkieten dioxinak neurtzeko. Erraustegiaren inguruan bizi diren pertsonei, jakina. Asmoa da, hemendik urte batzuetara berriz ere laginketa bera egitea aldaketarik egon den ikusteko. Guretzat hori oso gogorra da, benetan aldaketarik balego, mina jada eginda bailegoke. Horretarako arrautzen, lur, ur, sedimentu, landare eta ama-esnearekin lanean ari gara. 

F.O: Horretaz gain, gardentasun falta ere azpimarragarria da. Adibidez, Arkaitzerrekan duela urtebete izandako isuriaren kasuan, kudeaketa negargarria izan zen: Aldundiak lehenbizi ukatu egin zuen gertatutakoa, baina gerora jakin dugu ixuri horren aurretik ere beste batzuk izan zirela. Gardentasun ezari jarraituz, kritikoa izaten da tximinitik ateratzen diren fluxuek aurrez 850ºC-ko tenperaturan egotea bi segunduz, dioxinak desagertzeko ezinbestekotzat jotzen baita. PFAS kutsagaiekin aldiz, zientzialari batzuk jada esaten ari dira 1100ºC bermatzea beharrezkoa dela. Guzti hori bermatzen duen ebidentziarik ez dute publiko egin. Herbereetan adibidez, gardentasunaren alde, herri mugimenduak eta ekologistak ere gonbidatuak daude erraustegiaren jarraipen komitera. Hemen horretatik urruti gaude..

FELIX OLAETXEA

"Erabat zaharkituta daude legeak. Horren aurrean, proiektu hau biztanleriaren ahalduntze proiektu gisa ulertzen dugu"

Zer azpimarra daiteke lehen emaitza horietatik?

M.U: Orain erakusten ari garenak erraustegia martxan jarri aurreko laginen emaitzak dira. 

F.O: Garrantzitsuena da lehen lagin hori badugula, oinarriak jarri ditugu eta guneak ere ezarri ditugu. Zer neurtu, non eta gainontzeko informazioaren oinarriak dauzkagu. Metodologia zehaztuta daukagu, eta beraz, abiapuntua badaukagu.

 

Noizko espero dira hurrengo laginen emaitzak izatea?

F.O: Urtero-urtero egingo dugu laginketa. 2020ko emaitzak oraindik ez zaizkigu iritsi, baina laster jasotzea espero dugu. Gainera, PFAS neurketak ere gehitu ditugu urte horretan, kezka handia bait dago komunitate zientifikoan gaur egun kutsagai hauekin ere, eta hortan ere aitzindariak izango gara. 

M.U: 2019ko laginketa oso zabal izan zen, 2020koa espezifikoagoa izan da, eta Covid-19ak lagundu ez badu ere, aurrera atera ahal izan genuen.

 

Epe luzerako proiektua da, beraz. Horretarako baliabide nahikorik badago?

F.O: Bai, halaxe izan behar du. Gure helburua, erraustegia martxan dagoen bitartean, ingurumenekiko eta osasunean bere eraginaren jarraipena egitea da eta kutsadura zantzuak ikusiz gero, administrazioari eta herriari jakinaraztea horrela eskuhartzeko denbora izateko. Zubieta Lantzen eta Erraustegiaren Aurkako Koordinadoraren bolondresei esker atera ahal izan dugu aurrera proiektua, bai eta proiektua diruz lagundu dutenei esker ere. Crowdfounding-ean lagundu zuten herritar guztiak lehenik eta udaletxe batzuek ere diru laguntzak eman dizkigute hasieratik – tartean Usurbilgoak- eta beste batzuk ere berriki sartu dira proiektuan. Babes guzti hau gabe, ezinezkoa izango litzateke proiektu hau aurrera ateratzea.

M.U: Honi lotuta, webgune bat martxan jarri nahian ari gara datuak publiko egiteko eta berrikuntzen berri eman ahal izateko. Prest dugunean jakinaraziko dugu.

 

Herrian puntu bero gehiago ere badaude erraustegiaz gain...

M.U: 2019an Donostian, Hernanin, Urnietan, Andoainen, Usurbilen eta Zubietan hartu ziren laginak. Ikerketak azaleratu duen gauzetako bat da erraustegia martxan jarri aurretik ere, hainbat gunetan kutsadura maila garrantzitsua dela. Arrautzetan atzeman dugu ebidentzia hori, batez ere. 

F.O: Oilategi bakoitzeko jabeekin hitz egin dugu bakoitzak jakin dezan zein den bere egoera. Emaitza guztiak udaletxe bakoitzera eraman ditugu guzti horren berri izan dezaten baita ere, osasun arazo izan daitezkelako. Horren atzean dagoen historikoa eta kutsaduren jatorria aztertzea gure helburutik haratago doa, baina egin beharreko zerbait litzateke.

MAIDER USABIAGA

"Webgune bat martxan jarri nahian ari gara datuak publiko egiteko eta berrikuntzen berri eman ahal izateko. Prest dugunean jakinaraziko dugu"

Zeintzuk izan daitezke jatorri horiek?

F.O: Atxegaldetik gertu kutsadura maila garrantzitsua neurtu da lehen lagin horren arabera. Hor inguruan Ucin dago, dioxinen iturri izan daitekeena. Bestalde, Hilerri berriaren ondoan, herriko hondakinak erretzeko instalazio bat egon zen. Inolako filtrorik gabe erretzen ziren hondakinak garai hartan, eta hor sortzen ziren zepak aldapan behera botatzen zituzten, eta oraindik ere han jarraitzen dute. Horrez gain, Luzuriagako Zepak betelanak egiteko maiz erabili izan dira herriko toki ezberdinetan, inguru hauetan ere bai. Aztertu egin beharko litzateke. Hala ere, erraustegiaren inguruan definitu ahal izan dugu kutsadurarik gabeko gune espezifiko bat; hau oso garrantzitsua izan da. Gune horretan finkatu dugu monitorizazio kontrola ,eta horko laginekin fidagarriki egin ahal izango dugu erraustegiaren kutsaduren kontrola datozen urteetan.