Koronabirusa

Usurbil ere eremu gorrian diren udalerrien zerrendan

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 26a, 13:19

Eremu gorrian zen apirilaren 21az geroztik, baina Eusko Jaurlaritzak 400etik gorako intzidentzia duten udalerrien zerrenda astelehenero eguneratzen duenez, gaur (apirilak 26) kokatu dute ofizialki Usurbil, asteartetik aurrera neurri murriztaile gehiago indarrean jarri beharko dituzten herrien artean.

Dakizuenez, iragan apirilaren 21etik eremu gorrian da Usurbil, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 400etik gorakoa baitu ordutik. Eta etenik gabe igotzen joan da egunotan. Hemen egunotako bilakaera zenbakitan:
Apirilak 20: 443,88.
Apirilak 21: 539.
Apirilak 22: 570,70.
Apirilak 25: 602,41.

Azken datua, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela 24 ordu kaleraturikoa da; 100.000 biztanleko 14 eguneko 602,41eko intzidentzia du Usurbilek. Ondorioz, aurreikusi zitekeena gertatu da astelehen honetan. Jaurlaritzak astelehenero eguneratzen du eremu gorrian, 400etik gorako intzidentzia duten 5.000 biztanle baino gehiago edo gutxiago dituzten udalerrien zerrenda eta neurri murriztaile zorrotzagoak indarrean jartzen ditu herriotan. "Neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean pertsonak sartu eta irteteko mugari, ostalaritzari eta jatetxeei, kirolari eta joko zein apustuen lokalei buruzkoak dira", argitzen du Osasun Sailaren ebazpenak. Asteartetik, hilaren 27tik aurrera izango dira indarrean.

Aipatu moduan, apirilaren 26 honetan eguneratu du Jaurlaritzak aipatu zerrenda; Usurbil zerrenda horretara batu du. "Ebazpen hau eraginkorra izango da Osasun Sailaren web-orrian (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta haren ondorioak indarrean egongo dira, harik eta hurrengo ebazpena eman arte, Lehendakariaren martxoaren 26ko 16/2021 Dekretuan aurreikusten diren baldintzetan eta maiztasunean", Jaurlaritzak aipatu dokumentu honetan argitu duenez. Bestelako aldaketarik ez bada, datorren astelehenera arte, maiatzaren 3ra arte behintzat bai.

EREMU GORRIAN DIREN UDALERRIAK
5.000 biztanletik gorakoak
Amurrio, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Berango, Bergara, Bilbo, Deba, Derio, Donostia, Eibar, Erandio, Ermua, Errenteria, Getxo, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Laudio, Lazkao, Legazpi, Leioa, Lekeitio, Lezo, Mungia, Muskiz, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Trapagaran, Villabona, Gasteiz, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.

5.000 biztanletik beherakoak
Aia, Aizarnazabal, Alegia, Anoeta, Antzuola, Asteasu, Aulesti, Aiara, Bakio, Eltziego, Elduain, Elgeta, Eskoriatza, Getaria, Ibarra, Irura, Bastida, Legorreta, Loiu, Mallabia, Olaberria, Otxandio, Ugao-Miraballes, Urduliz, Urduña, Zaldibia, Zaratamo, Zestoa eta Zizurkil.

Eusko Jaurlaritzaren ebazpena osorik, hemen: eremu gorrian diren udalerrien zerrenda