Koronabirusa

Itxiera perimetrala eta neurri murriztaile gehiago gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 27a, 12:42

100.000 biztanleko 15 eguneko 400eko intzidentzia gaindituta, eremu gorrian ginen apirilaren 21az geroztik. Ordutik etenik gabe gorantz egin ostean, 602,41eko intzidentziarekin ofizialki EAE mailako eremu gorrian diren udalerrien zerrendan kokatu du Eusko Jaurlaritzak Usurbil. Ondorioz, astearte honetatik aurrera neurri murriztaile berriak izango dira indarrean, ostalaritzan edota kirol jardueretan, besteak beste. Usurbil perimetralki itxita dago.

Usurbil ere, 5.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri ia guztien antzera eremu gorrian da apirilaren 21az geroztik, 100.000 biztanleko 14 eguneko 400eko intzidentzia muga gainditu ostean. Halere, covid19ari aurre egiteko neurrietan ez da aldaketarik izan egunotan. Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian diren udalerrien zerrenda eguneratu zuen atzo astelehenero moduan eta Usurbil zerrenda horretan txertatu zuen; azken 24 orduotan, 602,41eko intzidentzia izatera heldu da.

Honenbestez, zerrenda horretan txertatzearekin batera, hainbat neurri murriztaile jarri ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak. Gogoan izan, egun, besteak beste, etxeratzeko agindua dugula 22:00-06:00 artean, ostalaritza guneek ixteko agindua dutela 20:00etan eta ordubete beranduago merkataritza sektoreko establezimenduek. Udalerritik irtetea baimendua dugu.

Gauerdiaz geroztik ordea, ofizialki apirilaren 27an sartzearekin batera, neurri murriztaile gehiago daude indarrean. Neurriokin elkarbizi beharko dugu, maiatzaren 3ra arte gutxienez:
-Etxeratze-agindua 22:00-06:00 artean.
-Udalerri mailako itxiera perimetrala. Usurbilek mugakide dituen udalerrietara (Orio, Lasarte-Oria, Donostia) erosketak egin eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko aukera baimendua.
-Bilkurak: gehienez 4 pertsonakoak espazio pribatuetan.
-Merkataritza eta jarduerak: 21:00etan itxiera edota amaiera ordua.
-Ostalaritza: 20:00etan itxiera ordua. Ostalaritza guneen eta joko-lokalen barruko erabilera ordutegi honetara murriztuko da: 06:30-09:30 / 13:00-16:30. Erabilera %50ekoa izango da. Debekatua egongo da barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Musukoa derrigorrezkoa, jan edo edateko unean izan ezik.
-Gaueko aisia: ordu tarte honetako establezimendu eta lokalak itxita.
-Kultua: %35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean 30 lagun gehienez, leku itxietan 6.
-Kirola: kirol-instalazioetan %50eko edukiera. Aldagelak eta dutxak itxita (igerilekukoak izan ezik, hauek %35eko edukieran banaka erabiltzea baimendua). Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan. Barruan egiten den kirolak (talde profesionalak eta federatuak izan ezik) 4 pertsonako taldeetan. Musukoa derrigorrezkoa, lehiaketetan eta kanpoan egiten dien jarduera fisiko bizietan izan ezik.