Pentsamendu kritikoaz, gaurko "Elhuyar Solasaldiak" zikloko saioa

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 28a, 08:41

"Pentsamendu kritikoa garatzen" hizpide hartuta itzuliko da "Elhuyar Solasaldiak" zikloa asteazken honetan 18:30etan Sutegira. Bertara joateko izena aurrez usurbilkultura.eus atarian bideratu dezakezue. Streaming bidez ere zuzenean ikusteko aukera izango da.

Gaurkotasun handiko gaiak hizpide dituen "Elhuyar Solasaldiak" hitzaldi zikloaren hurrengo saioa, asteazken honetan, 18:30etan Sutegin. "Pentsamendu kritikoa garatzen" izenburupean hitzaldia eskainiko du Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak. Gogoan izan, bertaratzeko aurrez izena eman beharra dagoela usurbilkultura.eus atarian. Sutegira joaterik izan ez baina saioa jarraitu nahi izanez gero, bada alternatibarik: streaming zerbitzua egongo da. Pentsamendu kritikoa hizpide izango duen saioa aipatu usurbilkultura.eus ataritik edo zientzia.eus webgunetik zuzenean jarraitu ahalko da.

Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek antolaturiko zikloa borobiltzeko beste bi saio programatu dituzte maiatzerako. Hitzaldi-zikloa, aspaldidanik Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek duten lankidetza eta harremanaren adibide argia da. Baina ez bakarra. Harria Hitz edota Kalezarko Pelaioenea eraikinean etorkizunean egoitza izango duten Emakumeen Etxea eta auzo-ekipamendua egitasmoen bueltan ere elkarrekin aritu dira lanean. Udala Elhuyarreko bazkide eta patronatuko kidea da.

Elkarlan horrek, besteak beste, euskararen normalkuntza eta zientziaren eta teknologiaren gizarteratzearen aldeko lana sustatzea ditu xede. Covid-19ak herritarren artean zientziaren ezagutza zabaltzeko beharra inoiz baino ageriago jarri duen garaiotan, lankidetza esparru hori solasaldi-sorta baten bidez gauzatuko dute Udalak eta Elhuyarrek asteotan.


"ELHUYAR SOLASALDIAK"
Saioen ordutegia:
18:30.
Saioak non:
Sutegi.
Izen ematea: 
doan aurrez, usurbilkultura.eus atarian. Hitzaldi guztiak zuzenean usurbilkultura.eus edo zientzia.eus atarien bidez.

Apirilak 28, asteazkena: Pentsamendu kritikoa hizpide
Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide apirilaren 28ko solasaldian. Egungo gizartearen eraldaketa-prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

Maiatzak 5, asteazkena: Ekonomiaren berreraikuntza, ekologiatik
Maiatzaren 5ean, Covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko laurehun zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.

Maiatzak 12, asteazkena: Adimen artifiziala hizkuntzan
Maiatzaren 12an, azken hitzaldian, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkuntzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman ikuspegi soziala gaiari.