9. Dantza Eguna

9. Dantza Eguna iruditan

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 29a, 08:15

Bigarren urtez pandemia betean ospatu behar izan den Dantza Egunak argi berretsi du jaialdiak aurreko edizioetan jorratu duen bidea: osasun krisialdiak ez du itzali dantzarako gogoa eta zaletasuna. Iruditan bildu ditu NOAUA!-k, iragan asteburuko ekitaldiak.

Kalejirarik ezin izan dute egin, ezta erromeriarik edota jendetza pila zitekeen ekitaldirik ere. Baina alternatiba gozagarria eskaini du Orbeldi Dantza Taldeak, osasun krisialdi honetara egokitua. Oier Araolaza kazetari, antropologo eta dantzariak eskainitako "Euskal dantzak eta generoa" hitzaldiarekin abiarazi zuten ekitaldien zikloa iragan asteburuan. “Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan” bere doktorego tesia oinarritzat hartuta, azken urteetan egindako aurkikuntzak aurkeztu zituen Sutegin.

Biharamunean, hilaren 24an, oholtza jarri zien Orbeldik, koreografiaren bat herriarekin partekatu nahi zuten guztiei. Partehartze zabala izan zen estreinako Tranpaldo Irekian. Denetariko dantzak ikusi ahal izan ziren, euskal dantzetatik hasi eta dantza garaikideraino. 

Eta dantza gunea Oiardo Kiroldegira lekuz aldatu zuten gero; azken hilabeteotan, zailtasunak zailtasun, Orbeldikoak prestatzen aritu diren "Zorotan Bele" herri ikuskizuna plazaratu zuten. Sorotan Beleren kanta ezagunek musikatu zuten saioa. Hitzak, musika, dantzak... Herritarrek herriari eskainiak. 

9. Dantza Eguna, "Mutu" dantza ikuskizun profesionalak borobildu zuen apirilaren 25eran. Orbeldi Dantza Taldekoen zikloa irudiotan bildu dugu.

9. DANTZA EGUNA IRUDITAN
"Zorotan Bele" herri ikuskizuna
Tranpaldo Irekia
Tranpaldo Irekia
"Euskal dantzak eta generoa" hitzaldia


Antolatzaileen eskertza
Hemen Orbeldi Dantza Taldekoek, iragan 9. Dantza Egunaren ondotik sare sozialen bidez partekatu duten eskertza mezua:

Aurtengo IX. Dantza Eguna ere amaitu zaigu eta eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen!
Eskerrik asko Usurbilgo Udalari eta bereziki Kultura Saila eta Brigada antolatzen laguntzeagatik.
Eskerrik asko ekitaldietara gerturatu zareten guztiei, beti bezela plazer bat izan da zuek bertan ikustea.
Eskerrik asko Noaua guzti honen jarraipena egiteagatik.
Eskerrik asko Oier Araolaza "Euskal dantza eta generoaren" inguruan emandako hitzaldiagatik.
Eskerrik asko gure lehen "Tranpaldo Irekian" parte hartu zenuten guztiei. Aupa zuek!
Eskerrik asko "Zorotan Bele" ikuskizunean parte hartu zenuten dantzariei, gure Santuko Bandari eta Pakori. Zuek gabe ez litzateke posible izango.
Eskerrik asko Musikaren Faktoria.
Eskerrik asko Luis Jambrina.
Eskerrik asko Myriam, Idoia eta Eneko "Mutu" ikuskizuna eskaintzeagatik.
Eta nola ez, mila esker antolakuntzari.
Hurrengo urtean ikusiko gara berriro ere plazan!