Maiatzaren 23an

Datorren Sagardo Eguna ere etxetik ospatzeko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 29a, 10:14

Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, iazkoaren bidetik, 2021eko Sagardo Eguna ere etxetik ospatzeko deia egin dute Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek. Etxe atariak atondu eta balkoitik txotx egiteko gonbita luzatu dute Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek.

Balkoiak atonduta, sagardo botila ireki, edari preziatua edalontzira zerbitzatu eta balkoietatik txotx egiten ikusi genituen usurbildarrak iaz. Balkoitik balkoira ospatu behar izan zen, aurrekaririk ez zuen konfinamendu orokor baten ondotik "deseskalatze" prozesu betean egokitu zen 2020ko Usurbilgo Sagardo Eguna. 

Ohiko plaza baino ez zuen falta usurbildarren festa egun kuttunenak. 2021ean berriz ere lagun artean ospatzeko desioarekin txotx egin zuen herriak duela urtebete. 12 hilabete igaro dira ordutik, "baina tamalez, egungo osasun egoera dela medio, ezinezkoa da horrelakorik antolatzea". Hala jakinarazi berri du ostegun goiz honetan sare sozialen bidez, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek. 

Iazkoaren ildotik, maiatzaren 23ko 2021eko Sagardo Eguna etxetik ospatzeko deia egin dute, osasun neurriak errespetatuta. "Jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atera armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX!", luzatu dute gonbita.

2022an bai, "inoiz baino kementsuago itzuliko gara!", iragarri dute Sagardoaren Lagunak taldeko kideek. Segidan duzue sare sozialen bidez zabaldu berri duten oharra osorik:

SAGARDO EGUNAREN LAGUNAK TALDEKOEN OHARRA
Kaixo lagunok!
Izugarrizko gogoa genuen aurtengoan gure herriko plaza horrela ikusteko, baina tamalez, egungo osasun egoera dela medio, ezinezkoa da horrelakorik antolatzea.

Aurtengo honetan ere zuen etxeetan ospatzera animatzen zaituztegu ordea, jantzi balkoiak lehengo urtean banatu genituen eta gorde zenituzten plastikoekin, atera maindire txuri bat eta trapu gorriren batekin atondu, atara armairutik baserritar jantziak, ireki sagardo botila eta egin TXOTX! Ez gaitzala egoerak atzera bota eta ospa dezagun Usurbilgo Sagardo Eguna, ahal den moduan eta beti ere osasun neurriak zainduz.

Ez dezagun ahaztu inoiz... Usurbildarrak daukate... sagardo... alkate.

Datorren urtean inoiz baino kementsuago itzuliko gara!

Gora Usurbilgo Sagardo Eguna!