Maiatzaren 8ko mendi martxari begirako azken ostiraleko elkarretaratzea gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 30a, 07:09

Hilero azken ostiralero egiten duen moduan, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du Sarek gaur (apirilak 30) 20:00etan Mikel Laboa plazan. Hitzordu honetan, maiatzaren 8rako Euskal Herriko 650 mendi tontorretara antolatu dituzten martxen berri emango du Sarek. Usurbilgoa Andatza gailurrera izango da.

Giro euritsuagatik iragan urriaren 3an Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzeko Sarek eginiko deialdia maiatzaren 8ra arte atzeratzea erabaki zuten. Ate joka da honenbestez, “Izan Bidea” dinamikaren bueltan euskal presoen auziari aterabide bat eskatzearen aldeko mendi martxen eguna. “Presoak etxerantz itzultzeko bidearen hasiera aldarrikatuko dugu, eta, helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da urruntze-politika bertan behera uztea eta gradu-progresioa aplikatzea preso guztiei”.

Tontor guztietan egun eta ordu berean elkartzeko hitzordua finkatu du Sarek; maiatzaren 8an, 11:30etan. Usurbilen, Andatzan. Adierazpen bateratu bat irakurriko da une horretan, eta adi, “Ikusi mendizaleak” kanta ezaguna abesteko gonbita egingo die Sarek tontorretara igotakoei. Inguruko mendi gailurretan ere antzeko ekitaldiak egingo dituzte une berean. “Izan gaitezen bidea. Batu gaitezen ibiltarien sare zabal honetara, bizikidetzaren, bakearen eta konponbidearen alde”.

Ekimenean parte hartzeko izena eman 650tontor.sare.eus atarian (herria eta gailurra hautatu behar dira) edota Usurbilgo Sarek apirileko azken ostiral honetarako Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean jarriko duen postuan. “Ekimen polita eta esanguratsua da, erakusteko prest gaudela urratsak emateko, aldapan gora edo aldapan behera, baina guztiok batera, euskal presoen eskubideen urraketa desager dadin”, Sarek berri eman duenez.

Andatzara igotzeko hitzordua 9:30etan jarri da Mikel Laboa plazan. 


Deialdiak
Apirilak 30, ostirala
20:00
Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Maiatzaren 8ko ekimenerako izen emateko postua eta argibideak.


Maiatzak 8, larunbata
Euskal Herriko tontorren igoera
09:30
Andatzara abiatzeko hitzordua Mikel Laboa plazatik.
11:30 Andatza tontorrean biltzeko hitzordua. Ekitaldia: adierazpen baten irakurketa, “Ikusi mendizaleak” kanta abestea…

Izen ematea eta informazio gehiago: Sarek asteburuetan Mikel Laboa plazan jarriko duen postuan edo 650tontor.sare.eus atarian.

Deitzailea: Sare.