Bi ibilaldi aukeran, ezohiko Andatza Egunean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 07:01

Hamaiketako gozo baten bueltan ospatu ohi den Andatza Egunik ez da izango aurten, baina bada maiatzaren 2rako osasun krisialdira egokituriko alternatibarik; Usurbilgo Udalak, Andatza Egunaren Usurbilgo eta Zizurkilgo antolatzaileekin elkarlanean prestaturikoa. Ibilaldi gidatua, Andatza inguruko altxorrak hobeto ezagutzeko. Baita seinaleztatua egon eta nork bere kasa osatu ahalko duena ere.

Maiatzeko lehen igandea ate joka dugu. Inoiz ezagutu gabeko konfinamendu egoeran ginen duela urtebete, eta Andatza Eguna bertan behera geratu zen. Urtebete igaro da ordutik, eta aurtengoa ere ezingo da ospatu, 2019ra arte bizi izan zen modu berean ez behintzat. Aurtengoan, ez gaude etxetik atera ezinik, baina osasun krisialdi betean jarraitzen dugu. Une honetan, udalerri mailako konfinamendu perimetrala ezarria dugu, bestelako neurri murriztaileen artean.

Andatzara igotzeko eragozpenik ez da izango maiatzeko lehen igande honetan, hilaren 2an, baina bete beharreko prebentzio neurriak tarteko, ez da hamaiketakorik izango. Jende pilaketa saihesteko alternatiba ere izango da, 2021eko Andatza Eguna ezohikoa bilakatuko duena. Usurbilgo Udalak, Andatza Eguneko Usurbilgo eta Zizurkilgo antolatzaileekin elkarlanean "eguna ezohiko modu batean ospatzeko bi zirkuitu antolatu dituzte, tontorraz harago, Andatzaren beste txoko batzuk ezagutzeko". 

Nork bere kasa edo ibilaldi gidatua
Andatza Egunaren bezperan, maiatzaren lehenean, kartelak jarri asmo dituzte Urdaiagatik hasita "zirkuitua nork bere kasa egin ahal dezan"; 7,5 kilometroko luzeera izango duena. "Bidean, errotarriak, harrobiak eta trikuharriak non dauden ezagutzeko kartelak jarriko dituzte", berri eman du Usurbilgo Udalak. Ibilbidearen mapa albiste honetan beherago duzue.

Horrekin batera, lehen aipaturiko antolakuntza taldeak 4 kilometroko ibilaldi gidatua prestatu dute, "Andatzako ondarea gehiago ezagutzeko". Biltzeko hitzordua maiatzaren 2rako finkatu dute, goizeko 10:00etan Ziortzatik. "Interesa dutenek hara azaldu besterik ez dute egin behar, eta elkartutako lagun kopuruaren arabera, taldeka antolatuko dira". 

Ibilaldia Joseba Alonsok gidatuko duela berri eman dute antolatzaileek. "Asier Agirresarobe eta Javi Castrorekin batera, Andatzako mugarri eta errotarriak aztertzen aritu da Alonso azken urteetan", gogorarazi du Usurbilgo Udalak.

Andatza igotzera gonbidatzen dituzte herritarrak, "betiere, segurtasun neurriak errespetatuz".