Hautatua dute materiala, eta orain bai, final handiari begira dira Bizkaia Torneoan. Urrunekoa dirudien albistea lerrootara dakarkigu, etxeraino hurbiltzen duen lotunerik bai baitu azken fasera heldu den pala txapelketak; Miriam Arrillaga Beloki herritarra finalistetako bat dugu.
Igandean, maiatzaren 2an jokatuko du final handia Amaia Irazustabarrena Jauregirekin batera, aurreko asteburuko finalerdietan, Leire Etxaniz Bengoa eta Nagore Martin bikoteari 12-8 eta 12-5 irabazi ostean. Aurrez aurre lehiatu beharko dute Leire Galdos eta Maider Mendizabalekin.
Aurretik, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatuko da Leire Etxaniz Bengoa-Nagore Martin eta Miren Larrarte Mayoz-Itxaso Erasun bikoteen artean.
Final handia zuzenean eskainiko du Euskal Telebistak. ETB1-ek, maiatzaren 2an, eguerdiko 12:00etan hasita. Telebistaz gain, eitb.eus webgunetik ere zuzenean jarraitu ahalko da norgehiagoka.