Udalbatzarra

Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioa kontrolatzearen aldeko mozioa

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 08:32

ENBA eta EHNE sindikatuek otsoaren populazioa babesteko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak azken urteotan hartutako erabakien aurrean mozioak aurkezten ari dira udaletan, Usurbilgora ere helarazi dute. Ostegun honetako apirilaren 29ko udalbatzarrean hartu zuten ahotan udal ordezkariek.

Kezka agertzen dute, 2020ko otsailean Eusko Jaurlaritzak “otsoa espezie mehatxatuen Euskal Katalogoan interes bereziko kategorian sartzeko” tramitazioa abiatzea onartu zuelako. Urtebete beranduago, iragan otsailean Espainiko Gobernuak “otsoa babes bereziko erregimenean daude espezieen zerrendan sartzea erabaki zuen”. Ondorioz, erabakia behin betiko hartuko balitz, ondorio larriez ohartarazten dute bi sindikatuok, “otsoaren populazioa areagotuko litzatekeelako gure mugakide diren elkargo autonomoetan eta honenbestez, Euskadin otso populazioak sartu eta egonkortzeko arriskua areagotuko genuke, eta honek, ondorio larriak ditu, bai gure mendiko abeltzaintza estentsiborako bai ardi latxa, babestu nahi diren mendiko larretokiak eta Idiazabal gaztarentzat”.

3 eskaera luzatzen dizkiote mozioa aurkeztu duten udalei, kasu honetan Usurbilgoari; batetik, “konpromezu tinkoa” ager dezala “mendiko abeltzaintzarekin eta gure mendiak larretzen dituzten ardi, ahuntz, behi eta zaldiekin”; Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministeritzari mendiko abeltzaintzaren alde egin eta otsoaren babesa areagotzearen aurka agertzen dela helaraztea, eta horretarako baliabide guztiak har ditzala kontuan, tartean ehiza; Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailari helaraztea eskatzen dio, “ez dezala otsoa babes bereziko espezieen katalogoan sartu”, “ez dezan kolokan jarri abeltzaintza estentsiboa”. Gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak, apirilaren 29ko osoko bilkuran. EAJ alde agertu zen, PSE aurka eta EHBildu abstenitu zen.


MOZIOAREN EDUKIA
Mendiko abeltzaintzaren eta otsoaren populazioaren kontrolaren aldeko mozioa
2020ko otsailaren 5ean Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburuak otsoa espezie mehatxatuen Euskal Katalogoan interes bereziko kategorian sartzeko tramitazioaren hasiera onartzea erabaki zuen, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen gehiengoak aurka bozkatu arren.

2021eko otsailaren 4an Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministeritzako Natura Ondarearen batzordeak, otsoa babes bereziko erregimenean dauden espezieen zerrendan sartzea erabaki zuen, otsoaren populazioaren %95a baino gehiago ordezkatzen duten elkargo autonomoen ordezkariek aurka bozkatu arren.

Aurrez aipatutako Batzordearen diktamena ez loteslea bada ere, Ministeritzako arduradun nagusien hitzetan, batzordeak hartutako norabideari eutsi egingo diote azken muturreraino.

Erabakia behin betikoz hartuko balitz Euskadiko abeltzaintza estentsiboaren ondorioak larriak eta berehalakoak lirateke, otsoen populazioa areagotuko litzatekeelako gure mugalde diren elkargo autonomoetan eta honenbestez, Euskadin otso populazioak sartu eta egonkortzeko arriskua areagotuko genuke, eta honek, ondorio larriak ditu, bai gure mendiko abeltzaintza estentsiborako bai ardi latxa, babestu nahi diren mendiko larretokiak eta Idiazabal gaztarentzat.

Une honetan, azienda (ardiak, behiak, behorrak, pottokak…) mendian kudeatzen dugun abeltzainok, kezkatuta eta beldurtuta gaude otsoaren zabalkundearen aurrean orain arte bizitu dugun maneju estentsiboaren amaiera suposa dezakeelako eta honenbestez, erabakiaren azken helburua hori ez bada ere, abeltzaintza estentsiboarekin amaitu eta erabateko maneju intentsibora joan beharko dugulako!

Honenbeste, abeltzainok, Usurbilgo Udalari honako hau eskatzen dio:
1-Usurbilgo Udalak konpromezu tinkoa agertu nahi du mendiko abeltzaintzarekin eta gure mendiak larretzen dituzten ardiak, ahuntzak, behiak eta zaldiekin. Aziendaren maneju estentsiboak, kalitatezko eta elikagai osasuntsuen ekoizpenarekin batera, ingurunearen zaintza eta kudeaketarako tresna baliagarrienetarikoa delako eta honenbestez, mendiko abeltzaintzarako mehatxua den otsoaren populazioa kontrolatuko dituen neurriak eta araudiak eskatzen ditu.
2-Usurbilgo Udalak helaraziko dio Trantsizio Ekologikoa eta Erronka Demografikorako ministeritzari, mendiko abeltzaintzaren aldeko apustua egiten duela eta honenbestez, otsoaren babesa areagotzeko erabakiaren aurka eta otsoaren populazioa kudeatu ahal izateko baliabide guztiak har ditzala kontuan, besteak beste, ehiza.
3-Udalak helaraziko dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari ez dezala otsoa babes bereziko espezieen katalogoan sartu eta honekin otso populazioei sarrera eta egonkortzea erraztu. Ez dezan kolokan jarri abeltzaintza estentsiboa. Gurea bezalako lurralde txikian, mendiko abeltzaintza elkarbizi ezinezko parkatika da eta otso populazioekin.