Udalbatzarra

Udal aurrekontuei dagokienez, 2020a "txukun" itxitako urte zaila

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 09:52

2020ko udal aurrekontuaren likidazioari buruzko xehetasunak eskaini zituen kontuhartzaileak ostegunean egin zuten udalbatzarrean. Pandemia urtea izanik, urte zaila, diru kontuei dagokienean 2020a "txukun" itxi zela nabarmendu zuen.

Aurrekaririk gabeko pandemia baten testuinguruan agurtu genuen 2020a. Bizitzako arlo guztietan eragin du covid19-ak, baita noski diru kontuetan ere. “Aurrekontuaren exekuzioa zaila eta konplikatua izan da”, zioen Xabier Olano kontuhartzaileak, apirilaren 29ko udalbatzarrean, iazko udal aurrekontuaren likidazioaren berri ematerakoan. Hiruhilero egiten duen moduan, aurrekontuen egoera zertan den azaltzen du.

2020. urteko ekitaldiko itxiera negatiboa izan da, baina aurreko urteetan metatutako diruzaintza gerakinak “ekitaldia txukun ixteko” aukera eman du. Sarrera eta gastuen exekuzioa “aurreko urtekoen azpitik, nahiko nabarmen” geratu dira. Beste datu bat; zorpetze mailari dagokiona. Legediak %75 artekoa izatea baimentzen du. Azken urteotan beherantz doa Usurbilgo Udalaren zorpetze maila. %15,23koa zen iragan urte amaieran. “Osasuntsu gaude”, udal kontuhartzailearen esanetan. Joera honi eutsiz gero, 2027an zorpetze maila 0 izan daiteke.

2020ko udal aurrekontuaren likidazioa zenbakitan
-Sarreren exekuzioa: %64,48.
-Gastuen exekuzioa: %70,52.
-Ordaindu gabeko saldo guztiak ordaindu edo anulatuak.
-Kobratzeke zeuden saldoen %25,16 kobratu eta beste %12,03 anulatu dira. Zatirik handiena kobratzea zaila edo ezinezkoa izango denez, 1.875.027,07 euro jaso ditu Udalak kobragaitzen horniduran.
-Gastu orokorretako diruzaintza gerakinarekin finantzatutako obligazioak: 1.271.515,42 euro.
-Finantzaketa lotua duten inbertsio gastuetan metatutako desbideratzeak: 1.116.994,62 euro. 2020ko ekitaldiko desbideratzeak: -329.570,28 euro. Zumarte, Txirikorda edota Txokoaldeko inbertsioei lotuak.
-Koronabirusaren pandemiaren eraginez, 2020ko ekitaldiko emaitza negatiboa izan da, -1.035.590,80 eurokoa. Aurreko urteetan pilatutako diruzaintza gerakinari esker, 2020ko ekitaldiaren aurrekontuaren emaitza: 175.408,80 euro.
-Ekitaldi amaierako diruzaintza gerakina: 4.841.314,87 euro. Diru poltsa honetatik, 1.875.027,07 euro gorde behar dira kobratzen zailak izango diren saldoak hornitzeko eta 1.116.994,62 euro finantzaketa lotua duten inbertsioetarako; Zumarte, Txirikorda, Txokoalde eta Agerre-azpiko inbertsioetarako. Ondorioz, 1.849.293,18 euro geratzen dira gastu orokorretarako diruzaintza gerakin gisa.
-2020an guztiz erabili gabeko kredituak, kreditu gerakin izaera dutenak 5.061.101,55 euro izan dira. Hortik 3.054.368,29 euro 2021eko udal aurrekontuetan txertatu daitezke.

Iturria: Usurbilgo Udala.