#Udalbatzarra

Zinegotzi aldaketa udal gobernu taldean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 09:05

Aroa Etxeburua Ugartemendia EHBilduren zinegotziak kargua utzi du arrazoi pertsonalengatik; Ainhoa Arrozpide Landak ordezkatuko du.

2019-23 legealdia erdibidera heltzear den honetan, aldaketa izango da udalbatza osatzen duten udal ordezkarien artean. Udal gobernu taldeko kideetako batek, kargua uztea erabaki du arrazoi pertsonalengatik; Aroa Etxeburua Ugartemendiak. Bere ordez, duela bi urteko udal hauteskundeetara EHBilduk aurkeztu zuen hautesleen zerrendan hurrengoa zenak hartuko du kargua maiatza amaieran egingo den udalbatzarrean; aipatu zerrenda horretako bederatzigarren kideak, Ainhoa Arrozpide Landak. Hala berri eman zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ostegunean, apirilaren 29an egin zuten osoko bilkuran.

Pena handiz hartu dute Aroaren erabakia, “bere gaztetasunak, freskotasunak, udal jardunari ekarpen handia egin ziezaiokeelako”, baina era berean esker oneko agertu dira talde kide izan dituenak, “lagun handia ezagutu dugu, onena opa diogu”. Kide berriaren etorrera goraipatu zuen Solaberrietak. “Militante eta ekintzaile nekaezina” dela adierazi zuen Arrozpide, “herrigintzan ibilbide oparoa” egin duena; bizileku duen Santuenean, ingurumen arloan edota hezkuntzan, “bere onena ematen eta eragiten saiatzen”. Bere konpromiso eta eskuzabaltasuna eskertu zuen, ”herri honen alde lanean jarraitzeagatik”.