Maiatzaren 8an Andatzako mendi martxan parte hartzeko deia egin du Sarek

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 11:41

Euskal presoen auziari aterabide bat ematea eskatzeko mendi martxak antolatu ditu Sarek maiatzaren 8an, Euskal Herriko 650 tontorretara. Usurbilgo Sarek ere deialdiarekin bat egin eta Andatzara igotzeko deia egin du, astebete barru, hilero moduan apirileko azken ostiral honetan Mikel Laboa plazan egindako elkarretaratzean. 

Urrian euriagatik bertan behera geratu eta hilaren 8rako Sarek deitu dituen mendi martxen bidez oraindik orain indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politika salatuko da. "Presoak Euskal Herri ondoko espetxeetara eta, kasu batzuetan, euskal espetxeetara lekualdatzeko erritmo motel eta sumingarriak jarraitzen du. Dinamika horrek amaiera eman beharko lieke 30 urtetik gorako sufrimenduari, urruntzeari eta sakabanatzeari", Usurbilgo Sarek ostiraleko elkarretaratzean adierazi zuenez.

Egoera hobetzen doan arren, "eszenatoki berri baterantz goaz" Sareren esanetan, "euskal gizartearen eta eragile politiko eta sozialen bultzadak fruituak eman eta Espainiako Estatuaren blokeoa apurtzen denean, salbuespenari eusten dioten gainerako neurriei amaiera emateko lanari ekitea planteatzen dugu. Euskal preso politikoei legedi arrunta aplikatzea da eskatzen duguna, etxera lehenbailehen etor daitezen". 

Ezabatu beharreko neurrien artean dira Sarek nabarmentzen duenez, "kondena luzeak eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 presoen eta haien familien sufrimenduarekin amaitu behar da". Horrez gain, "espetxe-politikaren humanizazioari bide eman behar zaio". Espetxealdiaren hiru laurdenak beteak dituztenen kaleratzea ere eskatzen du, "deportatu eta erbesteratuak itzultzeko garaia da", Sareren esanetan.

Begi onez ikusten dute urte amaieran EAEko sindikatu guztiek eta eragile politiko gehienek adosturiko Euskaldunako Akordioa 80 udalerri baino gehiagotan berretsi izana, "urruntzeari amaiera emateko eta espetxe politika normalizatua ezartzeko. Era berean, aintzat hartzen ditugu sakabanaketaren testuinguruan onartzen ari diren senideen sufrimendua aitortzeko mozioak. Berriz diogu, desberdinen arteko akordioak eta mobilizazioa, maiatzaren 8an Sarek proposatzen duena bezalakoak (Euskal Herriko 650 mendietara igotzea), eskubideen urraketei amaiera emateko eta konponbidean eta bizikidetzan aurrera egiteko tresnak direla", Sareren esanetan.

Maiatzak 8, larunbata
Euskal Herriko tontorren igoera
09:30
Andatzara abiatzeko hitzordua Mikel Laboa plazatik.
11:30 Andatza tontorrean biltzeko hitzordua. Ekitaldia: adierazpen baten irakurketa, “Ikusi mendizaleak” kanta abestea…

Izen ematea eta informazio gehiago: 650tontor.sare.eus atarian.

Deitzailea: Sare.