Auzolanerako deia Aranerrekan

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 1a, 12:06

Aste honetan bertan jasotako irudiak. Herritar batek jakinarazita, Aranerrekara hurbildu eta itxura hauxe zuen Errekatxiki ingurutik igarotzen den zonaldean. Anerreka Ingurumen Elkarteak hain zuzen, bertako hondakinak garbitzeko auzolanerako deia egin du maiatzaren 15ean.

"Errekatxiki, Errekazikin" mezuarekin ohartarazi zuen NOAUA! aipatu herritarrak Aranerrekan ikusitakoa, zenbait argazki helaraztearekin batera. "Puntapax inguruan nahiko garbi ikusten da errekatxoa baina metro matzuk aurrerago..." irudietan ikus daitekeena. "Ez da lehenengo aldia" ohartarazi dio NOAUA!ri. 

Mezu hau hain zuzen, Anerreka Ingurumen Elkarteak maiatzerako iragarri duen ekitaldi zikloaren atarian dator. Erraustegiaren eremutik isuritako amoniakoaren eraginez ehunka arrain hil ziren iazko maiatzean. Urtea beteko den egunerako Arkaitzerrekara martxa antolatu du Anerrekak. Bezperan, erreken zaintzaren aldeko marrazketa saioa Usurbilgo frontoian.

Eta astebete beranduago, hain zuzen albiste honen irudi diren argazkietan ageri den Aranerrekako hondakinak garbitzeko auzolanerako deia egin dute. 



ANERREKA INGURUMEN ELKARTEAREN DEIALDIAK
Maiatzak 8, larunbata

11:30-13:00 Erreken garbitasunaren aldeko kartel marrazketa Usurbilgo frontoian. "Haur eta helduen konzientziazio handiago bat sortzearren, familia eta lagun artean egiteko abiatu den ekintza. Erreken garbitasuna mantentzearen garrantzia aldarrikatzen duten kartelak margotuko ditugu". Izen ematea (ez da beharrezkoa); usurbilkultura.eus atarian.

Maiatzak 9, igandea
11:00 Martxak Usurbilgo frontoitik eta Zubietatik Arkaitzerrekara, erraustegitik amoniakoa isuri eta ehunka arrain hil zirenetik urtea beteko den egunean.
Zehaztasunak: "Maiatzaren 9an urtebete beteko da Zubietako erraustegitik egindako isurketa kutsakor batek Arkaitzerrekan ehunka arrain hil zituela, horien artean aingirak, babestutako espeziea.

Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatu eta Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakariak hasiera batean ukatu egin zuen isuriaren jatorria erraustegitik zetorrela. Herritarren salaketen aurrean, ordea, amoniako-ihes bat izan zela onartu behar izan zuen, eta Guardia Zibilak baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako delituen ikerketa abiatu zuen.

Nahiz eta behin eta berriro goraipatzen duten erraustegiaren segurtasuna eta haren kudeaketaren gardentasuna, errealitateak kontrakoa erakutsi digu: osasun-arriskua, naturari kalteak eta informazioa ezkutatzea.

Egoera horren aurrean, herritarrak behartuta gaude erraustegia zuzenean kontrolatzera eta baliabide naturalak babestera. Hori dela eta, jarduera hauek antolatu ditugu urteurren garrantzitsu honen inguruan".



Maiatzak 15, larunbata
10:00 Auzolana: Usurbilgo Aranaerrekaren garbiketa Artzabal gunean. 
Zehaztasunak: "Kalean botatzen diren hondakin asko ibai-sistemara iristen dira eta bertatik itsasora. Plastikoek ingurumenean duten eragin negatiboaren inguruan hausnartu behar da. Usurbilen ere nabarmena da, eta herritarrak kontzientziatu eta egoera hobetzearen, Aranerreka garbitzeko auzolana antolatu dugu. Ez da ezer eraman behar, maiatzaren 15ean goizeko 10:00etan Artzabalen azaldu eta bukaeran hamaiketako bat eskainiko dugu".

Deitzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.