Ibiltariak tantaka eta talde txikietan, ezohiko Andatza Egun honetan

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 2a, 15:12

Jai girorik gabeko Andatza Eguna gogoan hartuta igo dute mendia hainbat herritarrek. Gaurkoan, antolakuntzak tontorreko festari baino bideak ezkutatzen dituen altxorrak bistaratzeari lehentasuna eman nahi izan dio.

Larunbat euritsuaren ondotik, ez zen oso argi igande hau ere euritan esnatuko ote zitzaigun. Goizean goiz bai, baina gerora tantarik ez du bota, eguzkia agertu eta gosaldu ostean, hainbat herritarrek ez dute zalantzarik izan; Andatzara igo dira.

Goian ez zen ohiko trikiti doinurik, ezta hamaiketako goxoaren usainik ere. Ia hutsik zen babesleku parea. Bidean gorantz edo beherantz, tantaka, talde txikietan Andatzara joandako herritarrak. Gehienak oinez, baten batzuk lasterka. Bizikleta gainean ingurutik etorritako bisitariak ere ikusi ahal izan ditugu. Denak 2022ra begira, azken bi urteotako maiatzeko ezohiko lehen igandeok ezohiko izateari utzi eta urtebete barru, jai giro beteko Andatza Eguna berreskuratuko ote den esperantzan.

Ondarea bistaratzen
Gaurkoan helmuga baino bidea izan da protagonista. Urdaiagatik gora, bi bide osatzeko gonbita luzatua ziguten Andatza Eguneko antolatzaileek. Batetik bertako ondarea hobekiago ezagutzeko ibilaldi gidatua goizeko 10:00etan hasita Ziortzako langatik. Eta Andatzara igo dena ere jabetuko zen; ibilaldia nork bere kontutik egiteko bidea ere seinaleztatu dute aurtengoan. "Bidean, errotarriak, harrobiak eta trikuharriak non dauden ezagutzeko kartelak jarriko dituzte", iragarria zuen Usurbilgo Udalak. Eta halaxe izan da, ondoko argazkiak horren guztiaren lekuko.

Orain arte bide beretik igaro eta ikusiko ez genituen altxorrak bistaratzeko aukera eman du ezohikoa, jai girorik gabekoa izan den Andatza Egun honek. Helmuga, tontorrera heltzea baino gaurkoan inoiz baino nabarmenagoa izan da, mendi bideak duen garrantzia.