Errigoraren kanpainako produktuak NOAUA!ra heldu dira

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 3a, 10:49

Oraingoan bai. Heldu dira Errigoraren udaberriko kanpainaren baitan eskatuak zenituzten produktuak. Nahi duzuenean etor zaitezkete jasotzera NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzara.

Ikusi nola dagoen une honetan, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza. Sekula ez da Errigoraren kanpainarako hainbeste produkturen biltegian bilakatu. Marka guztiak hautsi dituen eskari kopurua bideratu zenuten martxoan, eta ondokoa da, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" izeneko ekimenak izan duen harreraren irudia.

Bai Usurbilen baita udalerritik kanpo ere; 30.000 pakete arroz eta pasta

, 109.000 litro olio eta 245.000 ontzi kontserba. Udaberriko kanpainak zenbaki hauek utzi ditu Euskal Herri mailan. Errigoratik aditzera eman dutenez, "8.200 etxe baino gehiagotara iritsiko gara".

Errigorako sustatzaileak harrituta bezain pozik daude. “Bidean hainbat produktu agortu zaizkigu eta, ase ezin dugun eskaera horri esker, orain ekoizpena handitzera goaz”. Horretan ere, eredu izan nahi dute. "Ez dugu ekoizpena edozein modutan handituko. Eredu iraunkorren aldeko apustu garbia egingo dugu. Mila esker eta besarkada handia kanpaina hau posible egin duzuen guztioi".

Testuinguru honetan, Usurbilen eskatuak dituzuen Errigoraren produktuak NOAUA! Kultur Elkartera iragan astean heltzea espero genuen, banaketa egunak ere apirilaren 27tik 29ra finkatuak genituen. Baina Errigoratik astelehen honetan, maiatzaren 3an helduko zirela jakinarazi zitzaigun.

Produktu eskaintza zabala
"Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta", diote Errigoratik.

Oliba-olioa, pasta, zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak... Guztia Nafarroa hegoaldean ekoitzia. Egin duzuen erosketatik jasotako laguntzaren zati bat bertako euskalgintza suspertzera bideratuko du Errigorak.


Informazio gehiagorako: errigora.eus