184 izen emate Udajolasen

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 3a, 11:53

NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak uztailaren 5etik 30era antolatu dituen udaleku irekietarako 4-12 urte arteko 184 gaztetxok eman dute izena. 

Apirilaren 19an zabaldu zenez geroztik, bi asteko tartean 4-12 urte arteko 184 gaztetxok eman dute izena NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen. HH3-LH6 maila artean ikasten dutenen 200 lagunentzako lekua zegoen. Izen emateen kopuruak ez du gehienezko plazena gainditu. Bideratu diren inskripzio guztiak onartu dira.

Gogoan izan, Udajolas uztailaren 5etik 30era antolatu dutela NOAUA! K.E.-k eta Udalak. Egunero, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz eskainiko da zerbitzua; 9:30-13:30 artean. Iazkoaren ildo beretik, aurtengo edizioa ere pandemiak baldintzaturikoa izango da. Covid19ari aurre egiteko prebentzio neurri artean bideratuko da aurtengo Udajolas.

Xehetasunak uztaila heldu aurretik eskainiko dira, urtero moduan, bai NOAUA! Kultur Elkarteak eta baita Usurbilgo Udalak Sutegin deitu ohi duen guraso bileran. Bilera honen hitzordua aurrerago zehaztuko dute antolatzaileek.