Koronabirusa

Itxiera perimetralak eta neurri murriztaileek indarrean segiko dute astebetez

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 3a, 14:37

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia 400etik gorakoa izaten segitzen dugu eta bigarren astez, eremu gorrian. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak astelehenero moduan eguneratu duen eremu gorriko udalerrien zerrendan txertatu du berriz Usurbil, 729,23ko intzidentzia baitu covid19ak udalerri honetan. Beraz, iragan astean aplikatzen hasi ziren neurri murriztaileek indarrean segiko dute aste honetan ere; besteak beste, udalerri mailako itxiera perimetralak.

Bigarren astez segidan 400etik gorako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia du covid19ak Usurbilen. 5.000 biztanletik gorako Gipuzkoako udalerri ia guztien antzera eremu gorrian da apirilaren 21az geroztik. Duela astebetetik, apirilaren 27az geroztik indarrean dira aipatu kolore horretako zonaldeari dagozkion neurri murriztaileak. Eta beste astebetez gutxienez aplikatzen segiko dituzte. 

Neurriokin elkarbizi beharko dugu, maiatzaren 10era arte gutxienez:
-Etxeratze-agindua 22:00-06:00 artean.
-Udalerri mailako itxiera perimetrala. Usurbilek mugakide dituen udalerrietara (Orio, Lasarte-Oria, Donostia) erosketak egin eta aire zabalean jarduera fisikoa egiteko aukera baimendua.
-Bilkurak: gehienez 4 pertsonakoak espazio pribatuetan.
-Merkataritza eta jarduerak: 21:00etan itxiera edota amaiera ordua.
-Ostalaritza: 20:00etan itxiera ordua. Ostalaritza guneen eta joko-lokalen barruko erabilera ordutegi honetara murriztuko da: 06:30-09:30 / 13:00-16:30. Erabilera %50ekoa izango da. Debekatua egongo da barran edo zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona. Musukoa derrigorrezkoa, jan edo edateko unean izan ezik.
-Gaueko aisia: ordu tarte honetako establezimendu eta lokalak itxita.
-Kultua: %35eko edukiera. Beilatoki eta ehorzketetan: aire zabalean 30 lagun gehienez, leku itxietan 6.
-Kirola: kirol-instalazioetan %50eko edukiera. Aldagelak eta dutxak itxita (igerilekukoak izan ezik, hauek %35eko edukieran banaka erabiltzea baimendua). Ikuslerik ez kirol-ekitaldietan. Barruan egiten den kirolak (talde profesionalak eta federatuak izan ezik) 4 pertsonako taldeetan. Musukoa derrigorrezkoa, lehiaketetan eta kanpoan egiten dien jarduera fisiko bizietan izan ezik.