Koronabirusa

Eremu gorrian diren udalerrien zerrendan segiko du Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 3a, 15:02

100.000 biztanleko 14 eguneko 729,23ko intzidentziarekin, eremu gorrian segiko du Usurbilek beste astebetez gutxienez. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri duen ebazpenak.

Bigarren astez jarraian, eremu gorrian diren udalerrien zerrendan egoten segiko du Usurbilek, covid19ak 400etik gorako intzidentzia izaten segitzen baitu udalerri honetan. Osasun Sailak astelehen honetan kaleraturiko azken datuen arabera, 729,23ko intzidentzia du koronabirusak gurean. Azken astebetean bilakaera hauxe izan du:
Apirilak 26: 634,12.
Apirilak 27: 602,41.
Apirilak 28: 618,26.
Apirilak 29: 729,23.
Maiatzak 2: 729,23.

Beste astebetez
Argi denez, 400etik gorako intzidentzian gara. Honenbestez, Eusko Jaurlaritzak astelehenero eguneratzen duen zerrendan agertu da berriz Usurbil, eremu gorrian diren udalerrienean hain zuzen. Momentuz, orain arte bezala, astebetez jarraituko du udalerriak zerrenda horretan, eta indarrean jarraituko dute baita eremu gorrian dauden udalerriei aplikatzen zaizkien neurri murriztaileak; tartean, udalerri mailako itxiera perimetralak. "Neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean pertsonak sartu eta irteteko mugari, ostalaritzari eta jatetxeei, kirolari eta joko zein apustuen lokalei buruzkoak dira", Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren ebazpenak argitzen duenez.

Aipatu moduan, momentuz, bestelako aldaketarik ez bada, maiatzaren 10era arte segiko dute indarrean eremu gorrian diren udalerriei aplikatzen zaizkien neurri murriztaileek. "
Ebazpen hau eraginkorra izango da Osasun Sailaren web-orrian (https://www.euskadi.eus) argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta haren ondorioak indarrean egongo dira, harik eta hurrengo ebazpena eman arte, Lehendakariaren martxoaren 26ko 16/2021 Dekretuan aurreikusten diren baldintzetan eta maiztasunean", argitzen du Osasun Sailak.

Berez maiatzaren 9ra arte egongo da indarrean estatu alarma egoera, argitzeke da biharamunetik aurrera, covid19ari aurre egiteko zer nolako testuinguruan aurkituko garen.

EREMU GORRIAN DIREN UDALERRIAK
5.000 biztanletik gorakoak
Amurrio, Aretxabaleta, Arrasate, Arrigorriaga, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Barakaldo, Bergara, Bilbo, Deba, Derio, Donostia, Erandio, Errenteria, Galdakao, Getxo, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Laudio, Lazkao, Legazpi, Leioa, Lekeitio, Lezo, Mungia, Muskiz, Oiartzun, Ondarroa, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Usurbil, Trapagaran, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.

5.000 biztanletik beherakoak
Aia, Aizarnazabal, Alegia, Anoeta, Antzuola, Artziniega, Asteasu, Ataun, Aiara, Bakio, Eskoriatza, Etxebarria, Gamiz-Fika, Getaria, Ibarra, Loiu, Otxandio, Urduliz, Urduña, Zaldibia, Zestoa, Zierbena eta Zizurkil.

Eusko Jaurlaritzaren ebazpena osorik, hemen: eremu gorrian diren udalerrien zerrenda