"Bizitza aktiboa izateko ohiturak herritarren egunerokoaren parte izatea da helburua, kirolak eta jarduera fisikoak pertsonen buru ongizatean zein fisikoan dituen onurak kontuan hartuta", egitasmoak sustatzaile duen Usurbilgo Udaletik gogorarazi dutenez.
Asteazken honetan bertan, maiatzaren 5ean berriz martxan jartzera doaz Usurbil Suspertu, jarduera fisikoaren preskripzio, orientazio eta aholkularitza zerbitzua, Oiardo Kiroldegian. Udal kirol zerbitzuaren, Kiroldegiaren eta Osakidetzaren, kasu honetan, herriko anbulatorioaren eskutik. "Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean osatutako programa da".
Hitzordua aurrez eskatu
Covid19aren eraginez bizi dugun pandemia tarteko, Udaletik ohartarazi dutenez, "Kiroldegian hartuko dituzte herritarrak behin-behinean, anbulatorioan beharrean". Zerbitzua asterokoa izango da, asteazkenero eskainiko dute, 9:00-13:00 artean. "Zerbitzua osasun etxeko langileen preskripzioz jasoko dutenei orientatzaileak deituko die, zuzenean, hitzordua emateko; hitzordua beren kabuz hartu nahi dutenek, berriz, kiroldegira deituta eska dezakete, 943 37 24 98 telefonoan".
Egitasmoaren funtzionamenduaz argibideak ere eskaini ditu Udalak ohar bidez. "Osasun etxeko profesionalei iruditzen bazaie pazienteari kirola edo jarduera fisikoa egitea komeni zaiola, horixe agindu, eta aholkulari horrengana bideratuko dute. Hark, pazientearen bizi ohiturak kontuan izanda, zein ariketa eta zein maiztasunekin egin ditzakeen aholkatu eta pauta batzuk jarriko dizkio, eta horren jarraipena ere egingo du. Dena den, medikuak aholkatu gabe ere jo daiteke aholkulari horrengana. Lau asterako plan bat definituko dio aholkulariak erabiltzaileari: epe hori pasatuta, harekin bildu, eta tarte horretan izandako kezkak edo eragozpenak elkarbanatuko dituzte. Horiei nola aurre egin ebatzi ostean, hurrengo hilabeteetan zein irizpide jarraitu gomendatuko dio aholkulariak".