Jai egun berri bat 2022an, irailaren 6a

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 08:12

Irailaren 6a jai eguna izango da estreinakoz 2022. urtean. Hala erabaki berri du Eusko Jaurlaritzak onarturiko datorren urteko lan-egutegian. Jai egun hauei guztiei, beste bi batu beharko zaizkie; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Usurbilgo Udalak onarturikoak.

Eusko Jaurlaritzaren astearte honetako Kontseiluak 2022. urteko lan-egutegia onartu du. Urte berrirako jai egunak zeintzuk izango diren finkatu dituzte, berrikuntza nagusi batekin. Urteroko festa egunez gain berri bat eranstea erabaki du Gasteizko gobernuak; irailaren 6a, igandez egokituko den abenduaren 25aren ordez. Irailaren 6a Elkano Eguna izendatu du Jaurlaritzak, "Juan Sebastián Elkano Getariako marinela buru zela munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko". 

Jaurlaritzatik argitu dutenez, "ospakizun horrek Juan Sebastián Elkano Fundazioaren bermea du. Fundazio horrek egiaztatu du 1522ko irailaren 6a dela Gipuzkoako itsasgizona lurra inguratu ondoren Victoria itsasontzian Sanlucar de Barramedako portura (Cadiz) iritsi zela jakinarazten duen oharrean agertzen dena. Jaiegun horrek abenduaren 25a ordeztuko du; igandea denez, ez baita laneguna egun hori". 

Gainerakoan aldaketarik ez, ohi bezala, Espainiako nahiz erlijioari lotutako jai egunak izango ditugu; 12 guztira. Hauei Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatuko duena, eta Usurbilgo Udalak udalbatzar bidez erabaki ohi duen udalerri mailakoa erantsi behar zaizkie. Orain arte, azken urteotan uztailaren 2a izendatu izan du Udalak, Usurbilgo jai egun nagusia.

2022ko EAE mailako jai egunak
Urtarrila: 1,6. 
Apirila: 14, 15, 18.
Uztaila: 25.
Abuztua: 15.
Iraila: 6.
Urria: 12.
Azaroa: 1 
Abendua: 6, 8. 

Zehazteke dauden jai egunak: Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa mailarako hautatuko duena eta Usurbilgo Udalak finkatuko duen udalerri mailakoa.