Maiatzaren 24ra arte

Hilobi sorta bat esleitzeko eskaerak aurkezteko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 4a, 08:04

Hilerriko hilobien sorta berri bat eskaini du udalak, eta eskaerak egiteko epea zabalik izango da maiatzaren 24ra arte, egun hori barne. Guztira, 27 hilobiren eskubideak emakidan esleitzea onartu zuen otsaileko osoko bilkurak aho batez, eta 50 urtetarako esleituko dira.

2000. urtean egin zen Usurbilgo hilerri berria, eta ordutik gorpuzkirik ez da atera handik. Ohiko prozeduraren arabera, hamar urtez egon daitezke gorpuzkiak hilerrian, baina oraingo honetan ez da halakorik izan, gaur arte. Ehorzleak, ordea, hilerria husteko beharra helarazi dio udalari: hormako 144 nitxoak beteta daude, eta lurrekoak soilik gelditzen dira libre. 48 eskutitz bidali zituen udalak, hilerrira sartu zirenen hurrenkeran, gorpuzki horiekin zer egin nahi zuten galdetzeko senitartekoei. Gorpuzkiak berreskuratu nahi dituenak udalari jakinarazi behar dio, hori egin ezean, udalak gorpuak erraustu eta errautsen parkean botako baititu, ohiko prozedurari jarraituz.

Zenbait familiak, ordea, gorpuzkiak bertan uzteko nahia azaldu dute, eta horretarako modua libre dauden hilobi eta panteoien gaineko eskubideak esleitzea da. Erabakia apirilaren 12ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta 30 eguneko epea dute familiek eskariak egin ditzaten. Aipatu bezala, epealdia hilaren 24an amaituko da.