Txirikorda eraikitzeko eskaintzak aurkezteko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2021eko maiatzaren 5a

Babes ofizialeko etxebizitzen Ugartondoko eremu horretan bertan, eraikin berri bat altxatzen hasi daitezke datorren udan; Txirikorda, belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa. Tramitazio bide horretan, erabaki garrantzitsuak hartu zituen udalbatzak iragan astean. Gaurtik zabalik dute enpresa interesdunek, eraikitze lanen esleipen deialdira eskaintzak aurkezteko epea.

Etorkizunean, Ugartondo eremuan kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren proiektua gauzatzeko berebiziko garrantzia duten urratsak eman zituen udalbatzak, apirilaren 29ko osoko bilkuran. Exekuzio proiektua eta exekuzio obra kontratatzeko pleguak aho batez onartu zituzten udal talde guztiek. “Bi behar sozialei erantzuteko” jaio zen proiektua, alkate Agurtzane Solaberrietak udalbatzarrean oroitarazten zuenez; gazteen emantzipazio beharrei erantzutea edota bakarrik bizi diren adinekoei, izaera komunitarioa izango duen bizilekua eskaintzea. Belaunaldi arteko hartueman eta elkarbizitza sustatuko ditu Txirikordak.

Pandemiak oso agerian utzi du zaintzaren beharra guztiona dela, udal gobernu taldeak udalbatzarrean aipatzen zuenez. “Txirikorda elkarzaintzarako espazioa izango da, inoiz baino une egokiagoan datorren proiektua”, alkatearen esanetan.

2 milioi euroko inbertsioa
Aurreproiektua definitzeko Udalak Hiritik At kooperatibarekin batera kolektibookin (belaunaldi anitzetako herritarrak) parte hartze prozesua bideratu zuten 2019ko lehen hilabeteetan. Lanketa hartan oinarrituta eman zaio forma egitasmoari eta, laster, nola eraikitzen doazen ikusi ahalko dugu. Udal gobernu taldetik osteguneko udalbatzarrean iragarri zutenez, “ondo bidean” uda honetan bertan has ditzakete lanak. Aurretik deialdia argitara emandakoan, eraikuntza lanetan parte hartu nahi dutenek eskaintzak aurkezteko 26 eguneko tartea izango dute.

Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, oinarriak asteartean kaleratu zituzten, enpresa interesdunek gaur hasi (maiatzak 5) eta hilaren 30era arteko epea dute eskaintzak aurkezteko. Udalaren web orrialdeko esteka honetan dituzue xehetasunak: usurbil.eus

Diruz lagundua
18 hilabeteko epea finkatu da obrak gauzatzeko. Ia 2 milioi euroko inbertsioa bideratuko da etxebizitza komunitario honetara;  zehazkiago esanda, 1.963.514,12 euro. Ehuneko ehunean inbertsio finantzatua udal gobernu taldetik lehendik ere berri emana izan eta azken osoko bilkuran gogora ekarri zutenez; adostua duten “eremuko hitzarmen batzarrari” eta Eusko Jaurlaritzarik jasotako diru-laguntzari esker.

BEZ-a aplikatuko ez zaien eraikitze lanak izango dira gainera, “subjektu pasiboko inbertsioa” izateagatik. BEZ-ik gabe ia 400.000 euro aurreztea eragingo du. Udalak Txirikorda egitasmora bideratu beharreko ekarpen ekonomikoa udal ekipamendurako litzateke. Apirilaren 29ko udalbatzarrean alkateak berri eman zuenez, inbertsio hau datorren urtean egingo du Udalak.

Bizitza komunitarioa
Espazio pribatua eta elkarbizitza guneak partekatuko dituen 16 etxebizitzako eraikina izango da Txirikorda. Batetik, sukalde, logela (bat edo bi), egongela eta komuna izango duten bizilekuak izango ditu. Elkarbizitza gunea, egongelak, erabilera anitzeko guneak, garbiketa gelak, terrazak edota arropa zabaltzeko zonaldeak osatuko dute.