Kultur Bira

Datorren udako Kultur Bira prestatzen segitzeko bilera astelehenean

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 6a, 11:48

Covid19ak eragindako pandemiak ohiko jaiez gozatzea galaraziko digu bigarren urtez. Baina iazkoaren bidetik, ez da alternatibarik faltako uda honetan; herri eragile anitz, Kultur Biraren bigarren edizioa prestatzen dabiltza. Prestaketa lanei segida emateko bilera deitu dute maiatzaren 10erako.

Bistan denez, osasun krisialdi betean egoten segita, aurten ere ez dugu 2019ra arte ezagutu genituen moduko herriko festarik izango. Ezohiko testuinguru zail honetan, iaz arrakastatsua eta segurua izan zen Kultur Biraren ereduari segida ematea erabaki dute herri eragileek eta Udalak. Uda parte honetarako eskaintza prestatzeko lanketa betean dira. Datorren astelehenerako finkatu dute hurrengo bilera hitzordua; maiatzaren 10ean arratsaldeko 18:00etan Udarregi Ikastolan.

Segurtasun neurri zorrotzen artean
Kultura plazaratzeko modua irauli du covid19aren eraginez bizi dugun ezohiko testuinguruak. Kultura segurua dela argi utzi du azken urtebetean Usurbilek. Iazko udako Kultur Bira izan zen, adierazle egokiena. Herritar bolondres talde zabalak, herri eragileek eta Udalak bideraturiko auzolanari esker, antolaketa lanak egungo osasun krisialdira egokitu eta segurtasun neurriak zorrotz betetzeko ahalegin itzela egin zuten. 

Jada ohikoa bilakatu zaigun arren, ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko usurbilkultura.eus atari berria jarri zuten martxan. Ordutik doako hitzorduetarako plataforma honen bidez eman behar izaten da izena, edota erosi daitezke ordaindu beharreko txartelak. 

Mugikortasunik gabeko ekitaldiak, eserita ikusi nahiz entzun beharreko hitzorduak izan ditugu azken urtebetean. Ikus-entzule kopuru mugatu batekin, unean uneko araudiak baimentzen zuenarekin egin ahal izan dira kontzertuak, hitzaldiak, antzezlanak... Gune irekietan ospatzen diren ekitaldietan, eserlekuen artean segurtasun distantzia bermatzen da; Sutegiko auditorioko butaka finkoetan aldiz, ixa batekin zehaztuak daude zeintzuk erabili daitezkeen, zeintzuk ez. Musukoa derrigorrezkoa hitzorduetan, sartu nahiz irteterakoan eskuak gel hidroalkoholikoz garbitu eta ekitaldi bakoitza amaitu orduko, gunea garbitu beharra.

Zorrotz bete dituzte segurtasun baldintzak antolatzaileek, eta zorrotz erantzun dute baita ekitaldi guztiotan parte hartu duten herritarrek. Kultura segurua dela bermatzen duen eredu arrakastatsu honi segida emango diote aurten herri eragileek. 2021a ere Kultur Biraren uda izango dugu.