Gazteen larrialdi egoera salatzeko Ernairen Donostiako mobilizaziora trenez joateko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 7a, 10:09

"Etorkizun ezaren aurrean, nekea eta haserrearen aurrean", eraldaketa soziala eta burujabetza aldarrikatzeko mobilizazio bana deitu du Ernaik ostiral honetan (maiatzak 7), Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostiakora joateko deialdi bateratua egin du Usurbilgo taldeak; 17:24ko trenean batera joateko deia.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizazio bana deitu du Ernaik ostiral honetan, "larrialdi egoeran gaude. Eraldaketa soziala. Burujabetza" aldarripean. Mezu argia helarazi du Ernai gazte antolakundeak; "Gazteak larrialdi egoeran gaude!". Bizi dugun testuinguru honetan, "nekatuta eta haserretuta, etorkizunik gabe utzi gaituztelako, maiatzaren 7ko mobilizazioetan batuko gara herriko gazteak". Arratsaldeko 18:00etan finkatu ditu hitzordu guztiak.

"Maiatzaren 7an kalera aterako gara gazteak. Etorkizun ezaren aurrean, nekea eta haserrearen aurrean. Gazteon egoera iraultzeko eraldaketa soziala eta burujabetza!" aldarrikatzen ditu Ernaik. Gazteak larrialdi egoeran direla islatzen duten zenbait datu kezkagarri plazaratu ditu Ernaik; "16.196 gazte langabe daude Hego Euskal Herrian. Emantzipatzeko adina 30 urtekoa da. Ikasketetarako arazoak daude. Lur jota gaude".

Trenez
Usurbildik gertuen Donostian, arratsaldeko 18:00etan finkatu dute Gipuzkoa mailako mobilizazioa. Bulebarretik abiatuko da. Hiriburura joateko deialdi bateratua egin du Ernai Usurbilek. Arratsaldeko 17:24ko trenez joateko "gazte kedada" finkatu du. "Ostiral honetan, Usurbilgo gazteak 17:24ko trena hartuko dugu Bulebarrean elkartzeko!", adierazi du Ernaik sare sozialen bidez.