Usurbilen goizeko 9:30etan abiatu da bidegileen zutabe bat Mikel Laboa plazatik. Ez zen bakarra ordea. Hainbat herritar bere kasa igo baitira Andatzara. Soinean, "Izan Bidea" dinamikako kamisetak eta banderolak. Bidea eginez heldu dira Andatza gainera.
11:30etarako zegoen hitzordua finkatua Andatza gailurrean eta orohar Euskal Herriko 650 mendi tontorretan. Sareren adierazpena irakurtzeaz gain, Julio Sotok sortutako bertsoa (albiste honetan beherago duzuena) eta "Ikusi mendizaleak" abestu dute gogotsu.
Giro euritsuak bertan behera utzi zituen iragan urria hasierarako Sarek 650 mendi tontorretara deituak zituen mendi martxak. Larunbat honetara, atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek, eta aldaketarekin bistan denez, bete-betean asmatu dute.
BERTSOA
Doinua: Habanera.
Egilea: Julio Soto.
Ortzimuga lauso eta
korapilo berekoa,
arazoak dirudien
arren betierekoa,
konpromisoa, gaur hartu
denaren antzerakoa,
lagungarri da hurbildu
dadin amaierakoa.
Nahiz eta ez den biderik
samurrena gorakoa,
norbera pauso bihurtzen
bada tontorrerakoa,
egingo dugun bidea
urrundik etxerakoa
eta norbere etxetik
elkarbizitzarakoa.