30.000 pakete arroz eta pasta
, 109.000 litro olio eta 245.000 ontzi kontserba. Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" udaberriko kanpainak zenbaki hauek utzi ditu Euskal Herri mailan. Errigoratik aditzera eman dutenez, "8.200 etxe baino gehiagotara iritsiko gara".
Marka guztiak hautsi ditu, Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizpena eta euskalgintza sustatzea xede nagusi duen ekimenak. Usurbilen ere inoizko harrera bikainena izan du. Begiratu besterik ez zen maiatza hasieran nola zen NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza; martxoan zehar usurbildarrek eskatutako Nafarroa hegoaldeko produktu kaxez josia.
Ez baita nolanahikoa, eta azpimarratu beharra dago, herritarrek Errigorari egin dioten ekarpena. 10.755 euro bideratu dituzte usurbildarrek egitasmo honetara. 70 herritarrek egin dituzte eskaerak, bataz beste 150 euroko ekarpena egin du bakoitzak. 188 olio bidoi banatu ditugu, 940 litro guztira. Baita 80 kontserba, arroz eta pasta kaxa ere.
Eskertza
Errigorako sustatzaileak harrituta bezain pozik daude. “Bidean hainbat produktu agortu zaizkigu eta, ase ezin dugun eskaera horri esker, orain ekoizpena handitzera goaz”. Horretan ere, eredu izan nahi dute. "Ez dugu ekoizpena edozein modutan handituko. Eredu iraunkorren aldeko apustu garbia egingo dugu. Mila esker eta besarkada handia kanpaina hau posible egin duzuen guztioi".
Produktu eskaintza zabala
"Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan. Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta", diote Errigoratik.
Oliba-olioa, pasta, zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak... Guztia Nafarroa hegoaldean ekoitzia. Egin duzuen erosketatik jasotako laguntzaren zati bat bertako euskalgintza suspertzera bideratuko du Errigorak.
Informazio gehiagorako: errigora.eus