"Elhuyar Solasaldiak"

Zaintza, guztion lana

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 13a, 09:08

Nola zaindu nahi dugu? Nola izan nahi dugu zainduak? Konplexutasun handiko gaia zalantzarik gabe, korapilo askokoa, Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek apirilaren 21ean Sutegin antolatu zuten hitzaldian agerian utzi zutenez. Herritarren artean zientziaren ezagutza zabaldu eta pentsamendu kritikoa garatzeko asteotarako iragarri duten "Elhuyar Solasaldiak" zikloaren baitan, kultur etxeko auditoriora erakarritako ikus-entzuleen nahiz online bidez zuzenean jarraitu zutenen artean berebiziko interesa piztu zuen "Covid-19aren osteko zaintzaren demokratizazioa" solasaldiak.

Bi hizlari batu zituen hitzorduak. Biak ala biak zaintza eredua iraultzeko lanetan dihardutenak, ezagutza eta esperientzia zabala dutenak. Hurbileko bi egitasmoetan lanean dihardute; Miren Aranguren Etxarte Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministako formatzailea eta ikerlaria da. Emaginek Beterri-Buruntzako udaletako berdintasun nahiz enplegu teknikariekin, elkarte feminista edota arrazakeriaren kontrakoekin Foro Feminista osatu eta eskualdeko zaintza erregimenaren diagnosia eta ekintza plana diseinatu dute. Lan hau izan zuen hizpide. Maite Sancho Castiello psikologoa, plangintza gerontologikoan aditua, Espainiako Geriatria eta Gerontologia Sozietateko batzorde teknikoko kidea izandakoa, Matia Institutu Gerontologikoarekin ari da lanean. Ondo baino hobeto ezagutzen du Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzune berria, proiektu honetan zeharo inplikatua baitago.

"Badira nor zaintzaz aritzeko, esparru ezberdinetan aritu badira ere, bakoitzak badu nahikoa ezagutza, eskarmentu eta esperientzia zaintzaren arloaz jarduteko nork bere ikuspegi eta begiradatik", Agurtzane Solaberrieta alkateak bi hizlariak aurkezterako unean nabarmendu zuenez. Zaintzaren bueltan herrian sustatu asmo duten parte hartze prozesuaren “marko kontzeptuala, edukiak, mamia lantzen hasteko” ezin solasaldi egokiagotzat jo zuen Sutegikoa, “ikuspegi komunitario, feminista, antiarrazista, eta pertsona ardatz izango duen eredu berri bat eraiki nahi badugu”.

Zaurgarriak, elkarren mendekoak
Izenburuak argi dioen moduan, zaintza lanen demokratizazioaz aritu ziren, hitz gutxitan, denok gai honetan dugun arduraz, zereginaz. Bada eta zer aldatua, hobetua. 

Hiru "fikzio" desmuntatzeko beharra ikusten du Miren Arangurenek: ikusgarritasuna edota prestigioa izan eta gizonezkoak nagusi diren eremu publikoaren eta ikusezina, diskriminatzailea den eremu pribatuaren arteko bereizketa; lana eta enpleguaren berdinketa; eta langile independenteak, autonomoak garenaren "fikzioa". "Zaurgarriak gara eta elkarren mendekoak", gogorarazi zuen Arangurenek.

Emagin elkarteko kidearen esanetan, zaintza lanek aitortza behar dute, aitortza sozial eta politikoa, egun ez dagoen lanon banaketa justua eta zaintzaileen lan eta bizi baldintzak duintzea. 

Emakumeen kargu
Beharrezkotzat jotzen dute zaintza eredua aldatzen joatea, bizi dugun pandemiak azalerazi duen moduan. Zaintza krisian dela ohartarazten zuen Arangurenek. “Ez dira beharrak asetzen”. Zerbitzu sozial familiar eskasa dugula dio, “familiengan delegatzen da zaintza lana”. Mendekotasunak, zaintza intentsiboek gorantz egin duten arren, zaintzale potentzialak murrizten doaz. “Emakumeek bermatzen dituzte zaintza lanak”.

Honenbeste aurrera begirako erronka marraztua dago, “Nola aldatu hau bidegabea izan ez dadin”, Arangurenen esanetan, zer eta nola egin, “genero zapalkuntzan eta arrazakerian” sakontzen segi gabe. Argi baita orain arte, etxeko eta zaintza lanak, “doakoak eta ikusezinak”, emakumeen kargu egon izan direla. Migranteen esku sarritan. Baldintza ez duinetan aritzen dira, erabat lan prekarizatuetan; lan harreman oso zailetan, guztiz desprestigiatutako eta bortizkeria edota gehiegikeria sexualak ematen diren sektorean.

“Zaintza orduetan zenbat lan egiten den neurtzea oso zaila da”. Zaintza zuzena baitago, pertsona baten edo batzuen zaintza, baina zeregin horretan beste hainbat lan gurutzatzen baitira, “zaintza ez zuzena” litzatekeena, Arangurenek Sutegin agerian utzi nahi izan zuenez.

“Zaintzarik gabe, ez dago bizitzarik”
Ildo beretik, Arangurenek gaineratzen zuenez, zaintza lanak “gutako bakoitzak modu unibertsalean izan behar ditu eskuragarri, baina gutako bakoitzaren beharretara egokituta”. Garai batean baino prozesu "luzeagoak eta konplexuagoak" dira zaintza lanak, Maite Sanchoren esanetan. "Inor soberan" egongo ez den eredu koordinatu bat beharrezkotzat jotzen du. Abiapuntu argia izango duena, "pertsonen etxean bizitzeko nahia" kontuan hartuko duena, orohar, egungo eredutik "pertsonen borondatean arreta jarriko duen" eredu baterantz biratzea. Hortxe kokatzen du Matiako kideak, Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzunearekin egina duten apustua. "Bere inguruan duintasunez bizitzea" ahalbidetuko diena. "Etxebizitza" kontzeptua errealitate bilakatuko duen egitasmoa ari dira eraikitzen, "etxean bezala bizitzeko". Proiektuaren "erdigunean pertsonak, arreta pertsonengan jarria izango da". 

Zaindua izateko beharra duenarengan eta zaintzaileengan. "Goazen balorea ematera bizitzako oinarrizko zereginetako bati. Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik". Zainketa lana prestigiatu, zaintzaileen baldintzak duintzeko erronka gisa planteatzen zuen, lanok emakumeen eta migranteen eremutik ateratzea. Formazioa sustatzea giltzarria dela dio, "zenbat eta formazio hobea, ordainsaria" ere parekideagoa izan daiteke sektore honetako emakumezko eta gizonezko langileen artean. Formazioaren barne txertatzen ditu, ez soilik laguntza fisikorako beharrezko ezagutza eta trebetasunak ikastea, komunikazio eta emozio trebetasunak ere bai besteak beste.

Argi utzi zuten, egungo zaintza eredua ezingo da egun batetik bestera irauli, baina bidea jorratzen hasi gaitezke. "Aldaketarako palanka" garrantzitsutzat jo zuen Arangurenek. Aurrera begirako erronka, eta lan hauetan denok, gutako bakoitza, norbanako gisa nahiz, taldeak, elkarteak, eragileak, administrazioa... kide gaituen komunitatea inplikatzea. "Komunitatea ez gara artikulatzen ari. Askoz gehiago egin dezakegu modu artikulatuan". 

Emaginek eginiko lanketaren emaitza dokumentu batean jasoa dute. “Zaintza lanen demokratizaziorantz. Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena, 2020” txostena emagin.eus atarian irakur dezakezue. Sutegiko hitzaldia aldiz, streaming bidez online eskaini zutenez, usurbilkultura.eus atarian ikus dezakezue.