Sagardo Eguna

Maider Ruiz: “Eguerdian bakoitzak bere balkoian hamaiketakoa egin zuen, trikitixa eta bertsoz lagunduta”

Noaua Aldizkaria 2021ko mai. 14a, 12:48

Joan zen urtean, konfinamendutik atera berritan harrapatu zuen herria Sagardo Egunak. Etxetik ospatzeko deia egin zuen orduan Udalak, eta aurtengoa ere gisa horretara egin beharko da. Joan zen urtean garai hauetan Kale Nagusiako leiho eta balkoiak animatzen aritu zen Maider Ruiz, hainbat eta hainbatek Euskal Herriko txokoetan egin bezala. Nola ez, Sagardo Eguna ere balkoian ospatu zuen joan zen urtean. NOAUA!rekin izan da orduko kontuak eta aurtengoak gogora ekartzeko.

NOAUA! Joan zen urtean Sagargo Eguna etxetik ospatzeko deia egin zuten. Nola ospatu zenuen zuk?

Maider Ruiz: Kale Nagusiaren amaieran hiru eraikuntzatan antolatuta gaude, eta Sagardo Eguna baino lehen konfinamenduan, festa modukoak antolatzen aritu ginen. Sagardo Egunak ezin zuen gutxiago izan, eta eguerdian bakoitzak bere balkoian hamaiketakoa egin zuen. Bizilagunetako batek trikitixa jotzen du, eta beste batek panderoa, eta horrela aritu ginen giro ederrean bakoitza bere etxean ospatzen. Goiz partean tarteka abestiren bat jotzen zuten, batzuk beraiek asmatuak eta besteak betiko abestiak. Beste bizilagun bat, berriz, bertsotan aritu zen. Bazkaltzerako bakoitzak bere martxa jarraitu zuen, eta arratsaldean ez genuen ezer berezirik egin. Egun polita izan zen, eta eguraldia ere mundiala suertatu zen. Oroitzapen polita dut. 

 

Konfinamenduan ere animoak aterata balkoia izan zenuen lekurik maiteena.

Bai, hasiera batean mozorro festa bat antolatu genuen, hura izan zen bizilagunen artean antolatu genuen lehen ekintza edo. Ekintza hori ondo joan zen, eta jendea animatu egin zen horrelako gauza gehiago egitera, eta estilo horretako festa gehiago antolatu genituen. Ibizako festa gogoan dut: tematika hori kontutan hartuta bakoitzak bere etxean arropa eta apaingarriak prestatu zituen. Orokorrean, gaualdean bizilagun batek musika jarri ohi zuen, eta gainontzekoek argiak jartzen genituen giro pixka bat jartzeko. Bingoan ere aritu ginen, apirileko azoka ere egin genuen Espainia Hegoaldekoen modura. Porrotx pasatu zenean ere mozorrotu ginen, eta kalea apaintzera ere iritsi ginen zintekin. Uste baino hobeto eraman genuen konfinamendua zentzu horretan behintzat, iluntzerako beti izaten genuen planen bat.

 

Sagardo Egunera itzulita, urtero frontoian ospatzen duten horietakoa zara? Zein dira zure urteroko ohiturak?

Azkeneko urtetan ez naiz gehigi atera. Haurrak izan nituen, eta ordutik mota horretako planak aldatu egin dira. Lehenago nire herriko lagunak gonbidatzen nituen eta hemengo kuadrilakoekin ateratzen ginen frontoira. Batzuetan ogitarteko batzuk jaten genituen bazkaltzeko eta, inoiz elkarteren batera ere joan izan gara bazkaltzera. Haurrak jada handitzen ari zaizkit, eta beraz, laster ea berriz ere parranda pixka bat egiteko aukera dudan.

 

Aurtengoa nola ospatuko duzu?

Beldur pixka bat ematen dit aurtengoak. Kalera atera gaitezke, eta jende asko elkartuko ote den beldurra badaukat. Nire asmoa da joan den urtekoa edo antzeko zerbait egitea, baina bizilagunek ez dute ezer esan. Jende gehienak kalera ateratzeko joera hartuko duela iruditzen zait, baina tira nik etxetik egingo dut lasai-lasai.